
Atauniker elkarteak prentsa-ohar batean zehaztu duen modura «gaur egun Ataunen aurkitu ditzakegun baso autoktonoak ez dira beti gaur ezagutzen ditugun bezalakoak izan, ezta eremu berean garatu ere». Izan ere, kontuan hartu behar dugu, basoak, gure lurraldean bere kasa hazten den landarediaren etapa garatuenek osatzen dituzten ekosistema konplexu bezain aberatsak direla.
«Ehundaka eta hamarnaka mila urteetan zehar Ataungo klima asko aldatu dela» baieztatu nahi izan dute elkartetik, eta «bertako landaredia zein bestelako bizidunek testuinguru bakoitzeko baldintzetara egokitu behar izan dutela». Gizakiak paisaian eragindako aldaketek baso naturalen hedadura eta naturaltasuna murriztu eta hauen ondare naturala mugatzea eragin dute.
«Ataungo toponimia bera, gizartearen eta basoen arteko harreman historikoaren testigu aparta da» azpimarratu dute oharrean. «Mendeetan zehar basoan eta basotik bizi izan gara eta hori gure identitatean, kulturan eta hizkuntzan islatu da» diote Ataunikerrekoek.
Gauzak horrela, Ataungo udaletxeko batzar-aretoan antolatu du kultur elkarteak Garazi Auzmendi Arkarazok eskainiko duen hitzaldia otsailaren 27rako. 19:00etan burutuko da eta nahitaezkoa izango da covid-19aren aurkako osasun neurriak zorrotz betetzea.