
Apirilaren amaieran 148.980 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, martxoan baino 2.500 gutxiago, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera. Langabeziaren jaitsiera lau lurraldeetan gertatu da, Nafarroa buru dela. Herrialde horretan, hileko jaitsiera %2,83koa izan da, eta 972 langabe gutxiago zenbatu dira, 33.426 guztira. Bizkaian, beherakada %1,44koa izan da, martxoan baino 954 langabe gutxiagorekin. Guztira 65.080 zeuden joan den hilabetearen amaieran.
Gipuzkoan 30.791 pertsona daude langabezian, martxoan baino 360 gutxiago, hau da, %1,16ko jaitsiera. Araban jaitsiera zertxobait txikiagoa izan da, %1,09koa, 217 langabe gutxiagorekin eta 19.683 guztira. Azken hamabi hilabeteetako bilakaerari dagokionez, Nafarroan hobetu dira gehien datuak Hego Euskal Herrian, langabezia ia %20 jaitsi baita. Gainerako herrialdeetan, jaitsiera %9 ingurukoa izan da: Bizkaian %9,16 langabe gutxiago, Araban %9,01 gutxiago eta Gipuzkoan %8,66 gutxiago.