Itzali gabe jarraitzen du oraindik atzo goizeko azken orduan Arastortzeko mendian sortutako suteak, hala baieztatu du Martin Aramendi (EH Bildu) Ataungo udaleko alkateak ‘Nahikoa da’ saioan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez ere, gau osoa pasa dut suhiltzaile eta segurtasun indarrek sua itzaltzeko lanetan.
Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak zehaztutakoaren arabera, 10 hektarea inguru erre ziren atzo iluntze aldera arte, baina baliteke zifra hori zerbait handitzea, gaur osoan sugarrak izan direlako nagusi. Honen jatorria nondik etor liteken ez da ikertu oraindik Aramendik baieztatu duenez, baina «adituei entzun diedanez, esan daiteke, nahita piztutako sua izan dela», hala adierazi du.
Suhiltzaile bat ospitalera eraman behar izan zuten osasun langileek atzo iluntzean ere kea arnastegatik, baina «ondo omen dago, baina oraindik ospitalean» jarraitzen duela baieztatu du alkateak. Gainontzean ez dela halako neurri gehiagorik hartu behar izan adierazi du, eta inguruko baserritarrek ere ez dutela etxetik irten behar izan adituen gomendioz.
Iturri ofizialekiko kontrasterik egin gabeko berrien inguruan ere kexu agertu da herriko alkatea. «Ez dut kritiko izan nahi, baina ez dakigu nork zabaltzen dituen informazio horiek. Iruditzen zaigu medio batzuk informatzeko baino gehiago denbora-pasarako edo daudela, edo betelanerako.» Horri erantzun bat emateko beraz, informazioa zehaztuko duen ohar bat kaleratzea erabaki dute udaletik.