Pasaden igandean izan ziren bi asteren bueltan amaituko den aurtengo EuskarAbentura espedizioko gazteak Ataunen. Uztailaren 16an ekin zion laugarren edizio honek Mauletik, Euskal Herriko herri zein txoko ezberdinetan geldialdiak egiten jarraitzen dute. 17 urte inguruko 140 gazte dira espedizioan parte hartzen ari direnak eta gure inguruak ezagutzen ari badira ere, Euskal Herria alde batetik bestera gurutzatzea ere bada helburu garrantzitsuetako bat.
Martin Aramendi alkateak eta Joxe Miel Barandiaran fundazioko kideek egin zieten harrera igandean bertan 09:30ean, San Gregoriora iritsi zirenean. Hiru taldetan banatuta, bisita gidatu berezia eskaini zieten. Barandiaran Museoa bisitatzeko aukera izan zuten, baita Perunezar etxea eta Sara etxea ere. Jexux eta Jon Aizpurua anaiek eman zizkieten gune bakoitzaren inguruko azalpenak.