Sarean da ikusgai dagoeneko “Ataungo Domoa, sustraien gailurrak” izeneko dokumental laburra. Pasaden ostiralean egin zuen Ataungo Udalak azken bi urte hauetan domoaren inguruan egindako lanketaren aurkezpena, eta ataunturismoa.eus webgunean ikus daiteke guztia. Aurkezpenean proiektatu zuten dokumental laburra, eta jada, ikusgai dago euskarri digitaletan begirada bat eman dion ororentzat.
Iban Toledo Ibañezek egin du ikus-entzunezkoaren edizioa. bi hamarkada baino gehiago daramatza ikus-entzunezkoen munduan lanean. Hasiera batean, telebistako albistegietako errealizadore gisa egin zuen lan, eta ondoren, kamera eta dokumentaletako argazki-zuzendari gisa aritu zen. 2009-2015 urteen artean, komunikazio-enpresa bateko kide izan zen, eta bideo korporatiboak, instituzionalak, publizitatekoak eta dokumentalak egin zituen, argazki-zuzendari, kamerari eta editore ere izan zelarik.
2015ean bere proiektua jarri zuen abian, On Produkzioak. Azken urteotan, hainbat dokumentaletan parte hartu du: Ni Arga, Ni Ultzama, Ziordiko ilargia, Pasaiako Badia, Aralar mundua leku den lurra… Ataungo Udalak egindako eskaera burutuz sei minutu inguruko iraupena duen dokumental laburra osatu du, domoaren sorrera, balio naturala eta Ataungo herritarrentzat duen garrantzia jaso ditu.