2024ko aurrekontua aho batez onartu du Ataungo Udalak abenduaren 21ean egindako udalbatzan. Urte berriak hamaika erronka ekarriko dituela aurreratu nahi izan du udalak ohar batean. Proiektu nagusietan norabide berean lan egiten jarraituko dela zehaztu da bertan, eta horretarako guztion esku-hartzea nahitaezkoa izango dela. 2.380.310,03 eurokoa da datorren urterako mahai gainean jarri den aurrekontua.
Langileen gastuetara 680.500 euro bideratuko dira, bertan sartzen dira udal langileak, alkatea (%75), zinegotzi bat (% 25), udalekuetako monitoreak… Herriko eraikinen, instalazioen, auzoen eta bideen mantentze-lanak burutzen jarraitu ahal izateko berriz 490.000 euroko inbertsioa egin beharko da. Plaka fotovoltaikoak, baserri-bideak, gimnasio handitu, hirigintza-plana, lursailak erosi eta habitatak berreskuratu, landalurren mugatze digitala, ekonomia zirkularreko etorkizuneko jarduketak diseinatzeko azterlana, eskolako parke inklusiboa eta beste zenbait inbertsiotara 551.760 euro bideratuko dira.
Herriko elkarteak, Apalategi Beka, Goieki, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Lazkao Txiki Musika Eskola, Goimen, Enirio Aralar Mankomunitatea, Barandiaran Fundazioa, UEMA, Udalbiltza, Goierriko Hitza, Goierri Telebista eta beste elkarte edo erakunderekin dauden hitzarmenetara 283.410 euro bideratzea onartu da. Familien larrialdietako laguntzak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, berdintasun-politikak, adinekoen eta gazteen dinamizazioa bezalako gizarte politiketara 176.000 euro bideratuko da. Festa komisioak eta kultur ekintzak burutzeko, 134.000 euro onartu dira. Kreditu globala, zerbitzuen kontratazioa, irisgarritasuna, euskara ikasteko dirulaguntza eta beste zeregin batzuetara 64.000 euro bideratuko dira.
Urte zaharraren etapa itxi eta berriari ekin baino lehen, balorazio bat egin nahi izan du udalak. Azken urteotan bizimodua estutzen eta zailtzen ari zaigula azpimarratu nahi izan du ohar batean, ziurgabetasun garaiak bizitzen ari garela aipatuaz: prezioak gora eta gora, oinarrizko premiak asetzeko estutasunak, inguratzen eta irensten gaituzten erdaren eraginez euskaraz bizitzeko gero eta oztopo handiagoak, klima-aldaketari urgentziaz aurre egin beharra…
Ez daukagu badaezpadako erronka herri gisa elkarrekin aurrera egiteko dio udalak, baina lanean jarraituko dutela azpimarratu dute guztiontzat herri bizigarria izan dadin. Udalaren zerbitzuak indartzea izango da lehen pausuetako bat, baina herriko zenbait zerbitzuri eta auzoen arteko orekari eutsi ahal izateko pausuak ere eman asmo dituzte. Hori bultzatzeko, kultura-ekitaldiak antolatzen jarraituko dutela aurreratu dute, baita herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean jarraitu ere. Ingurumena zaintzeko, beharrezko azpiegiturak eta lanak egingo dira eta bertako produktuak erosi, kontsumitu eta oparituko dira besteak beste.