Datozen asteetan egoerak okerrera egin dezakeela ikusita, sinadura bilketa jarri du Ataungo herritar talde batek abian. Herriak mediku zerbitzu duina izatea exijitu nahi dute, izan ere, joan zen urteko udan ez zen mediku zerbitzurik egon denboraldi batez herrian eta gabonetako oporraldian ere egoera berbera errepikatu da.
Udalak bat egin du sinadura bilketarekin, eta Osasun Sailari idatzi bat helaraziko dio herrian mediku zerbitzua izatea «ezinbestekoa» dela azpimarratuz. Egungo egoera «oso larria» dela diote, eta datorren urtarrilaren 15etik aurrera okerreko norabidea har dezakeela aurreratu dute.
Udalak argitaratutako idatziaren arabera «San Gregorioko medikua beste herri batera doa, eta batere medikurik gabe geratuko gara». Balorazioa egiten hasita, azken urteetan «okerrera» egin duela nabarmen azpimarratu dute.
Medikurik gabe geratze hori «luzerako» izan daitekeela ere gehitu dute. «Medikuren batek baja edo oporrak hartzen dituenean, ordezkorik bidaltzen ez dutenez, ohikoa bihurtu da mediku bakarra izatea herri guztirako, edo batere medikurik gabe geratzea». Gauzak horrela, San Martingo Osasun Zentroko medikuak baja hartu zuenetik, mediku bakarra aritu da lanean Ataun osorako, San Gregorioko Osasun Zentrokoa.