Astelehen goizaldean zenbait pintada agertu ziren San Martin auzoko eraikin desberdinetako fatxadetan. Ataungo Udala osatzen duten bi alderdiek ohar bat kaleratu dute «horietako batzuk San Martinen dagoen EAJ-PNVko batzokiaren kontra» egin dituztela azpimarratuz, eta «alderdi honetako bi kideren izen-abizenak erabili eta haiek zuzenean seinalatu» direla salatu nahi izan dute.
Bestetik, zenbait irizpide azpimarratu nahi izan ditu Udalak ohar horretan:
- Era honetako ekintzek eta jarrerek ataundarron arteko elkarbizitzari erasaten diote eta ez dute lekurik gure herrian.
- Eztabaida politikoa bide demokratikoetatik egin behar da. Indarkeriak, mehatxuak eta inoren askatasunaren aurka egiten diren ekintzak ez ditugu gure herrian onartzen.
- Adierazpen askatasuna eta kritika egiteko eskubidea baliorik garrantzitsuenetakoa dira herri batean, baina betiere errespetuz jokatzen bada.