Ataungo Sareko kideek bat egin dute zenbait herritar eta bertako eragileekin, urtarrilaren 13ko Bilboko manifestazioa babestu ahal izateko. Sarek argitaratutako ohar batean «iraganean betikotzen gaituzten ateak itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea» da beraien nahia, «bai eta gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu justu eta berdina ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea» ere.
«Giltzei eraginez jendartearen motorra piztu eta aurrera egiteko» prest daudela aitortu dute mugimendutik, eta horretarako «kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean…» lagundu nahi dute. Honekin guztiarekin presoen zigorgabetasuna eskatzen ari ez direla azpimarratu dute, «zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik».