Martxoaren 8ak zenbait ekintza eta aldarri ekarriko ditu lehen lerrora beste urte batez, emakumeek eremu guztietan lortutako eskubideak ospatzen dituen eguna izango bai da, eta horiek lortzeko borroken eta sakrifizioen historia luzea oroitaraziko da beste behin. Biboletak Ataungo Emakume Taldeak idatzi bat argitaratu du sare digitaletan, eta Ataungo Udal Gobernuak bat egin du aldarriarekin.
Hau da Biboletak Ataungo Emakume Taldeak egindako idatzia:
Badator martxoaren 8a aurten ere, ospatzeko, aldarrikatzeko, borrokatzeko eta saretzeko eguna. Irakurketa honen bidez, egindako lana ospatu eta egiteko ditugunak aldarrikatzea da, hain zuzen ere, gure asmoa.
Azken urte eta hilabeteetan lan handia egin dugu feminismoaren bidean. Gero eta gehiago gara, gero eta indar handiagoa dugu. Hori argi utzi genuen azaroaren 30eko greba feminista orokorrean. Ataungo, Goierriko eta Euskal Herriko kaleak bete genituen, zaintza sistema publiko komunitarioan sinesten dugula ozen esan eta horren gaineko lanketarekin jarraitzeko konpromisoa hartu genuen. Harro egoteko modukoa da eman genuen erantzuna. Egun hartan esan bezala, bide luzea dugu egiteko oraindik, eta lanketak eta ekintzak prestatzen jarraituko dugu norabide horretan aurrera egiteko.
Horrez gain, gaurko eguna azken hilabeteetan gertatutako erasoak salatzeko ere aprobetxatu nahi dugu. Festa girokoak, haur pornografiarekin lotutakoak… Askotan esan dugu herri honetan ez dugula inolako erasorik onartuko eta horiek salatzen eta gehiago gerta ez daitezen borrokatzen jarraituko dugu.
Laburbilduz, argi dugu nolako etorkizuna nahi dugun: Zaintzak erdigunean jarriko dituen eta gure bizitzekin negoziorik egingo ez duen sistema indartsu bat nahi dugu eta eraso matxistarik gabeko jendarte bat nahi dugu. Asko dugu eraikitzeko, asko dugu deseraikitzeko. Asko dugu egiteko, asko dugu irabazteko.
Gora borroka feminista!
Emakume Taldeak eta Ataungo Udal Gobernuak martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin dute, 18:00etan Ataun San Martingo plazan eta 19:00etan Lazkaon, Goierriko Koordinadora Feministak antolatuta. Biboletak Taldeak azpimarratu nahi izan du, urtero martxoaren 8an egin ohi den afaria udaberrira atzeratzea erabaki dutela.