Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar batean zehaztutako informazioaren arabera, prest du makinaria guztia igande honetan egingo diren EAEko hauteskundeetarako. Berrikuntza nagusien artean, jasotzen diren emaitzak modu “seguruagoan eta fidagarriagoan” biltzean oinarritzen dela azpimarratu nahi izan dute, hauek prozesatu eta zabaltzeko aplikazio informatiko berri bat erabiliko dutelako.
Goiatz Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak hauteskunde eguneko antolaketaren berri eman du, eta aipatu duenez, 22:30erako 2.695 hauteslekuetako botoak % 100 zenbatuta izatea aurreikusten dute. Aplikazio informatiko berria datuak azkarrago zabaltzea ekarriko ez duela aipatu du, «denborarena optimizatuta genuen lehendik ere», erantsi du.
Beste aldaketa batzuk egin ahal izateko baliatu dute aplikazio berria, adibidez, parte-hartze datuaren ordua aztertzea. Igandean, 13:00etan eta 18:00etan emango da datua, aurreko hauteskundeetan 12:00etan eta 17:00etan eskaini izan da. Aizpuruk aipatu du parte-hartzeari buruzko datua ez dela orain arte bezala “estimazio” bat izango, baizik eta benetakoa.
Behin 20:00etan hautetsontziak itxi eta ordubete geroago prentsaurrekoa eskainiko du Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, lehen emaitzak eman ahal izateko. 22:30ean berriz, behin-behineko emaitzak emango dira hautetsontzietako boto-txartelen eta posta bidezko bozen % 100ean zenbatuta. Lurralde Historiko bakoitzeko Hauteskunde Batzordeek atzerriko botoa baliozkotu beharko dute segidan. Emaitza horiek behin betikoak izango dira, eta ostiralean, hilak 26, jakinaraziko dira.