ATI Komunikazio Taldeak eraldaketa erraldoia egin du ‘Nahibezala’ plataforman, Komunikazio Taldearen zein Ataun Irratiaren eduki guztiak biltzen diren mediateka digitalean. Diseinu eraldaketa azpimarratu daiteke alde batetik, horixe bai da askok lehen begiradan nabarmenduko dutena. Ioar Aizpurua ATI Komunikazio Taldeko eta Ataun Irratiko zuzendariak aipatu du, «mundu digitala gero eta gehiago kontsumitzen dugun honetan, diseinu eta erabilera ohituretara egokitu beharrean gaude», horregatik, egun ezagutu eta eskura ditugun zenbait streaming plataformen diseinua hartu da erreferentzia gisa.
Barne-sisteman ere aldaketa ugari egin behar izan dira eraldaketa honetara egokitu ahal izateko. Sistema informatiko konplexuago bat jarri behar izan da martxan erabiltzaileari eduki bakoitza bistaratu ahal izateko, zein hauetako batzuk difusio plataformetara bideratu ahal izateko. Webgunera bideratzeari dagokionean berriz, kazetariek, orain arteko sistema berberarekin jarraitu ahal izango dute plataformara edukiak igotzen, plataformaren sistema egungora egokitzea izan bai da beste helburu nagusietako bat.
Plataformara sartzen baldin bagara, Ataun Irratiaren programazioa kontsultatzeko aukera izango dugu lehenetik eta behin. Une horretan entzun daitekeen saio edo edukia zein den jakin ahalko dugu, bai eta segidan zer datorren ere. Orrian beheraka jarraitzen baldin badugu, Ataun Irratian gaur arte eskaini diren zenbait saioren azalak topatuko ditugu. Bakoitzaren gainean sakatuta, gure hautaketaren araberako zenbait eduki eskura izango ditugun orrialdera joango gara. Edukiaren izena, aurkezlea/k, deskribapen labur bat eta entzuteko zenbait audio izango ditugu urteen arabera sailkatuta.
‘Nahibezala’ plataformara itzultzen baldin bagara, bideoen mediateka topatuko dugu irratiko edukien ostean. Ibilbide osoan zehar egin diren zenbait esketx, saio, erreportaje eta beste zenbait edukiren azalak izango ditugu eskura. Hemen ere, bakoitzaren gainean sakatuta, bakoitzaren edukiak bistaraziko zaizkigun orrialde batera joango gara. Edukiaren izena, kategoria, gomendio eta xehetasun ikurrak, zein deskribapen labur bat topatuko ditugu edukiaren irudia atzealdean dela.
Ordenagailu, tableta eta mugikorretarako egokitu den plataforma honetan zenbait eduki entzun eta ikus daitezke dagoeneko, baina oraindik beste horrenbeste dira gehituko direnak. Aizpuruak jakinarazi du «ikasturte berria abiatzearekin batera, poliki-poliki joango gara ‘Nahibezala’ plataforma osatzen». ATI eta Ataun Irratia bezalako komunikabide txiki batek indar handiko webgunea eta plataforma ditu egun, herritik eta herriarentzat sorturiko zenbait edukirekin.