Urte luzez ‘Arrosa Topaketak’ egin izan ditu Euskal Herriko zenbait irrati biltzen dituen Arrosa Irrati Sarea federazioak, baina 2024 honetan egingo duen ospakizunak ez du zerikusirik izango pasaden urteetan egindakoekin. Urriaren 19an, Ataunen ospatuko da egun berezi hori eta Euskal Herriko irrati ezberdinetako zenbait kide gerturatuko dira honen egoitzara. Larunbat goizean, 11:00etatik 13:00etara bitarte Arrosak astelehenetik ostiralera arratsaldero ekoizten duen magazinaren saio berezi bat eskainiko da zuzenean, eta ataunirratia.eus ataritik bezala, bertaratu nahi duenak zuzenean entzun eta ikusteko aukera izango du.
Saio berezi bat izango da bertan eskainiko dena, Ekhiñe Zapian eta Ioar Aizpuruak aurkeztuko dute eta gonbidatu ezberdinak igaroko dira mikrofonoaren aurretik. Izan ere, Ataun Irratiak zerbait berezia kontatzeko duela jakin ahal izan da ATI Komunikazio Taldean, eta Julen Iraola zein Leire Perlinesek ere hitza hartuko dute saioan kontatu nahi duten hori publiko egin ahal izateko. Ataungo udalak ekarpen handia egin izan dio irratiari 2019tik gaur egun arte, eta horren inguruan gehiago jakiteko Martin Aramendi alkateak ere hitza hartuko du saioan. Ondoren, gainerako irratietako beste zenbait partaidek hitza hartzeko aukera izango dute baita ere.
Behin saioa amaituta, 14:00etan, Artadi elkartean egingo da arrosakideen bazkaria. Beraien arteko “pikea” sustatu, egunerokotasuneko zenbait abentura kontatu eta kide berriak ezagutzeko aukera izango dute bertan. Zebrabidea magazin berezia zuzenean entzuteko aukerarik ez duenak eskuragarri izango du behin saioa amaitzen denean Nahibezalan eta podcast plataforma guztietan.