Asteazken honetatik aurrera lau haizetara zabalduko ditu Ataun Irratiak bere uhinak FM bidez. Duela hiru urte irrati transmisio bidez ataundarrengana heltzeko eskaera bideratu zion gaur egun ATI Komunikazio Elkarte denak Ataungo Udalari, eta lanketa ugari egin ondoren, egoera ezberdinak aztertu eta uhinetara egin du salto asteazken honetan Ataun Irratiak. Gauzak horrela, gaur egun www.ataunirratia.eus webgunearen bidez eskaintzen den 24 orduko eskaintza berbera entzuteko aukera izango da 107.2MHz zenbakian.
Urte luzez lan ezberdinak burutu behar izan dira legeztatutako irrati transmisio hau martxan jarri ahal izateko, baina ATI Komunikazio Taldeak eta Udalak etorkizuneko proiektu bat bezala irudikatzen dute. Larunbat honetan, urriak 19, Arrosa Eguna ospatuko da San Gregorio auzoko Bikario Etxean, eta Martin Aramendi alkateak hitza hartuko du Zebrabidea saio berezian proiektuaren nondik norakoak aipatu ahal izateko. Zenbait herritarrek urte luzez eskatutako zerbitzua errealitate bilakatu du Ataungo Udalak inbertsio hau eginda.