Pasaden larunbatean 2024ko Arrosa Eguna ospatu zen Ataunen, Ataun Irratiak San Gregorio auzoan duen egoitzan Euskal Herriko zenbait irratietako kide ugariren konpainian. Zebrabidea saioa aurkezten duen Ekhiñe Zapian, Arrosa Irrati Sareko koordinatzaile Aitziber Zapirain eta Ioar Aizpurua ATI Komunikazio Taldeko eta Ataun Irratiko zuzendaria izan ziren bi orduz bertatik eskainitako saioa gidatu zutenak.
11:00etatik 12:00etara bitarte, Ataun Irratiaren egungo egoera eta berrikuntzak ezagutzeko aukera izan zen. Lehenik eta behin Martin Aramendi alkateak hartu zuen hitza, eta Ataun Irratia irrati transmisio bidez entzun ahal izateko egin behar izan den lanaren inguruko xehetasun ezberdinak aipatu nahi izan zituen. Urte askoko lana izan dela azpimarratu zuen Aramendik, etapa ezberdinak igaro behar izan direla, baina proiektuari «etorkizuna» ikusten diola azpimarratu nahi izan zuen.
Julen Iraola, Leire Perlines, Ioar Aizpurua eta Gorka Santesteban izan ziren ondoren hitza hartzen, eta Ataun Irratiaren ibilbidearen inguruko xehetasun ezberdinak eman zituzten. Sorkuntzatik gaur egun arteko ibilbidearen inguruan zenbait anekdota kontatu nahi izan zituzten, bai eta aurrera begira mahai gainean dauden asmoak zeintzuk diren ere. Bigarren ordubetean berriz Arrosa Irrati Sareko beste zenbait irratietako kideek hartu zuten hitza: Arraio Irratia (Zarautz), Esan Erran Irratia (Ultzamaldea), Antxeta Irratia (Hendaia), Itsuki Irratia (Bermeo), Radio Kultura (Hazparne), Hala Bedi Irratia (Gasteiz), Naiz Irratia (Euskal Herria) eta 97 irratia (Bilbo).