Ataungo Udalak, Torto Gazte Asanbladak, San Martingo Festa Komixioak eta Biboletak Talde Feministak San Martin festetan Oargin agertu diren «mezu iraingarriak» salatu nahi izan dituzte zabaldutako ohar batean. Bertan azaldu nahi izan duten bezala «festa egunetan zenbait pertsona izen-abizenez eta Biboletak taldea iraintzen dituzten esaldiak agertu dira Oargiko paretan», gauzak horrela, «festak eta alkoholak horrelako ekintzak ez dituztela zilegi egiten» salatu dute.
Nahiz eta halako mezuak festa egunen baitan agertu diren, «ez dutela tokirik inon» azpimarratu dute. Mezu horietako batek, gainera, pertsona baten irudi fisikoari erreferentzia egiten ziola gaineratu dute, eta argi adierazi nahi izan dute «norbait iraintzeko haren gorputza erabiltzea ez dela balekoa».
Beste mezu batean berriz ‘Biboletak’ Ataungo Talde Feminista aipatzen zen eta «ez da onargarria herri feministaranzko bidea egiten ari den eta festak denontzat leku seguru izateko lan egiten duen taldea erasotzea» oharrean aipatu duten moduan. Mezu hauek Oargin agertu izanak, Gazte Asanbladaren izena «zikintzen» duela gaineratu nahi izan dute, eta «talde honen balioekin bat ez datozen ideiak zabaltzen ditu».
Gauzak horrela argi utzi nahi izan dute zabaldutako oharrarekin «Ataunen horrelako ekintzek ez dutela
lekurik, festek eta antolatzen diren ekintzek denontzako seguruak izan behar baitute».