Asteburuan, mendizale batek Larhun mendian ikusitako animalia otso bat dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Larunbatean eman zuen abisua mendizaleak, eta OFB Biodibertsitatearen Frantziako Erakundeak hainbat azterketa egin ditu azken egunetan. Azken emaitzak argiak dira: otso bat dabil Azkainen (Lapurdi).
Bideo eta aztarna azterketak
Mendizaleak grabatutako bideoa izan da froga nagusia. Irudietan ikus daitekeen animaliaren ezaugarriak aztertu ondoren, OFBko adituek ondorioztatu dute otso bat dela. Erakundeko talde bat mendialde horretan bertan egon da aztarnak biltzen eta ingurunea ikertzen.
OFBk argitu du animaliaren morfologia eta jokamoldea otsoarenekin bat datozela. «Behatutako kanidoa otsoaren morfotipoarekin bat dator: buztana eroria du, belarriak burezur kaxaren alboetan kokatuak, gorputzaren goialdea sabeletik ilunagoa da, are nabarmenago bizkar aldean, eta muturra argia eta ongi marraztua», adierazi dute prefeturatik. Gainera, otsoek izaten duten ohiko jarrera erakutsi zuen: mendizalearengandik ihes egin zuen.
Ipar Euskal Herrian 2022tik lehen aldiz agertu da otso bat
Prefeturaren arabera, 2022tik ez zen otsoen arrastorik topatu Ipar Euskal Herrian. Azken aurkikuntza Landibarren (Nafarroa Beherea) izan zen, eta orduan kabalei eraso egin zien. Oraingoz, ez dute baieztatu Larhunen ikusi den alea garai hartan agertu zen bera den, 2018tik hainbatetan otsoen presentzia hauteman baita inguru horietan.
Halaber, ez dago argi Hego Euskal Herriko aldean aurretik agertu izan diren otsoekin loturarik duen ala beste ale bat den.
Otsoa hiltzea debekatua dago
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak gogorarazi du otsoak espezie babestua direla eta hiltzea legez kanpokoa dela. «Otso bat hiltzea delitua da, eta zigorrak hiru urteko kartzela zigorra eta 150.000 eurorainoko isuna ekar dezake», adierazi dute.
Euskal Herrian otsoen presentzia noizbehinkakoa izan den arren, azken agerraldi honek berriz ere hausnarketa piztu du, espeziearen babesari eta abeltzaintzarekin izan ditzakeen gatazkei buruzko eztabaida mahai gainean jarriz.