Europako Batzordeak asteazken honetan automobilgintza babesteko hainbat neurri protekzionista aurkeztu ditu, AEB eta Txinako presio ekonomikoari aurre egiteko. Horrez gain, CO₂ emisioen murrizketarako malgutasun handiagoa emateko asmoa berretsi du.
«Gure helburua argia da: etorkizuneko ibilgailuak Europan ekoiztea eta berritzea, teknologia eta balio europarretan oinarrituta», adierazi du Apostolos Tzitzikostas Europako Garraio Iraunkorreko eta Turismoaren komisarioak. Neurri berriek automobil-industria lagundu nahi dute, trantsizio ekologikoaren eta lehiakortasun globalaren erronkei aurre eginez.
‘Made in Europe’ estrategia eta industria babesa
Europako Batzordeak ohartarazi duenez, Europako enpresek atzerapausoak izan ditzakete sektore estrategikoetan, hala nola bateriak, softwarea, gidatze autonomoa eta informazio-sistemak. «Lehiakideek gobernuen laguntza jasotzen dute, eta Europak ezin du atzean geratu», azpimarratu dute.
Horretarako, Batzordeak inbertsio atzerritarrentzako baldintzak zorrozteko proposamena aztertuko du, baita tokiko ekoizpena sustatzeko neurriak ezartzea ere. Besteak beste, Europar Batasunean (EB) saldutako autoek bertan fabrikatutako osagai portzentaje altua izan beharko dute.
Gainera, Batzordeak Txinarenganako mendekotasuna murriztu nahi du, eta lehengai aberatsak dituzten herrialdeekin hitzarmen gehiago bilatuko ditu, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Txile kasu. Europan meatzaritza eta fintze-inbertsioak ere sustatuko dira.
Txinari ohartarazpena: merkatua babesteko neurriak
Bruselak ez du soilik ekoizpen lokala indartu nahi, Txinako auto elektrikoen lehiakortasun desleiala saihestu nahi du. Horretarako, 2024ko urrian Txinako ibilgailu elektrikoek EBn izango dituzten muga-zergak %35,3raino igo zituen, eta neurri berriak ezartzeko prest dago.
Era berean, Txinak muga-zergak saihesteko praktikak erabiltzen baditu, ikerketa berriak irekiko dira, bereziki baterien eta beste osagai batzuen hornikuntza-katean. Halaber, automobil elektrikoak ‘EBn fabrikatuta’ bezala sailkatzeko irizpideak zorrotzagoak izango dira, Marokotik edo Turkian egindako osagaiak dituzten autoek merkatu abantailarik izan ez dezaten.
Automobilgintzarako laguntzak eta inbertsio berriak
Plan berriak ibilgailu elektrikoen ekoizpena bultzatzeko 3.000 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du, eta beste 1.000 milioi euro software garapenerako. Halaber, 570 milioi euro bideratuko dira kargatzeko azpiegiturak garatzeko.
Bestalde, Batzordeak BE barneko pizgarri fiskalak bateratzeko gomendioa egingo du 2026tik aurrera, eta aukera aztertzen ari da EB mailako diru-laguntza programa bat ezartzeko.
Enpresek ere elektrikoen erosketa sustatzeko pizgarri gehiago izango dituzte. 2025 amaieran, diesel eta gasolina erosten dituzten flotetarako laguntzak bertan behera uzteko arau berriak aurkeztuko dira.
CO₂ murrizketetan malgutasuna
Neurri polemikoenetako bat CO₂ emisioen murrizketak betetzeko malgutasuna da. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak astelehenean iragarri bezala, automobilgileek 2025erako emisioak %15 murrizteko helburua atzeratu ahal izango dute, 2027ra arte konpentsatuz gero.
Batzordeak bateriak eta auto-osagaiak birziklatzeko instalazioak eraikitzea ere sustatuko du, eta ibilgailu autonomoen inguruko arauak bateratuko ditu. Gainera, 90 milioi euro bideratuko dira sektoreko langileentzako prestakuntza-programetara.
Neurri hauek, beraz, Europar Batasuneko automobilgintza babestu eta lehiakortasuna indartzea dute helburu, erronka global berriei aurre egiteko.