Israelek Gazan ezarritako su-etena behin eta berriz urratu du urtarriletik, eta egoera are larriagoa bihurtu da azken egunetan. Zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik gabe egon dira ia astebetez, eta orain, Israelgo Gobernuak argindarra mozteko agindua eman du. Bien bitartean, Netanyahuren exekutiboak negoziazio talde bat bidaliko du Qatarreko elkarrizketetara, su-etena berritzeko aukerak aztertzeko.
Israelek argindarra mozteko agindua eman du
Eli Cohen Israelgo Energia ministroak sare sozialetan iragarri du Gazari argindarra hornitzeari uzteko agindua sinatu duela: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da». Ministroaren esanetan, Israelek bere «eskura dituen baliabide guztiak» erabiliko ditu gatibuak askatzeko, eta argi utzi du gerra amaitzean Hamas ez dela Gazan geratuko.
Benjamin Netanyahu lehen ministroak aurreko astean ohartarazi zuen zerrendako palestinarrentzako oinarrizko laguntza moztuko zutela, eta erabaki hau presio mekanismo baten parte gisa justifikatu zuen: «Israelek ez du su-etenaren hurrengo faserik onartuko gatibu guztiak itzuli arte».
Su-etena ezbaian
Israelek eta Hamasek urtarrilaren 20an sinatu zuten su-etena, hiru fasetan egituratua. Hala ere, menia etengabe urratua izan da, eta Netanyahuren gobernuak igandean amaitu zen lehen fasea luzatu nahi du, zerrendan gatibu dauden israeldarrak itzuli arte.
Al Jazeera hedabidearen arabera, Hamaseko Basem Naim kideak Israeli su-etena behin eta berriz urratzea leporatu dio. Horren erakusgarri, duela hiru aste Israelek 620 preso palestinarren askatasuna gerarazi zuen, nahiz eta azkenik, otsailaren 22an, bost eguneko atzerapenarekin askatu zituen.
Qatarren negoziazioak eta AEBen papera
Reuters berri agentziaren arabera, Israelgo Gobernuak negoziazio talde bat bidaliko du Dohara, su-etenaren etorkizuna aztertzeko. Netanyahuk adierazi duenez, hori «aurrerapauso bat» da elkarrizketetan, eta taldeak AEBetako eta Qatarko ordezkariekin eseri beharko du akordio baten bila.
AEBen izenean, Adam Boehler izango da negoziazioetan, eta CNN telebista kateari eskainitako elkarrizketan adierazi du hurrengo asteetan su-eten akordio bat lortzeko aukera ugari daudela. Halaber, Boehlerrek nabarmendu du AEBek «Israelen agente bat ez direla, baizik eta jokoan beren interes propioak dituztela».
Oraingoz, Gazako egoera larriagotzen ari da, eta Israelen erabaki berriak ez dira su-etena sendotzeko bidean doazen seinale.