Otsoa berriz ere ehizatu ahal izango da Duero ibaiaren iparraldean, Espainiako Kongresuak atzo onartu baitzuen espezie hau Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrendatik (LESPRE) ateratzea. Alderdi Popularrak proposatutako zuzenketa baten bitartez gauzatu da aldaketa, Elikagaien Galera eta Hondakinen Prebentziorako Legeari gehitutakoa. Ekimena PPk sustatu zuen, baina EAJ, Junts eta Vox alderdien babesa ere izan zuen aurrera ateratzeko.
Otso iberiarra 2021eko irailaren 22tik babestutako espeziea izan da estatu osoan, eta ordutik ezin izan da ehizatu Duero ibaiaren iparraldean; hain zuzen, populazio handiena duen eremua da hori Iberiar Penintsulan. Atzo hartutako erabakiarekin, egoera berriro aldatu da.
Ganaduzaleak babestea, eztabaidaren erdian
Eztabaida luzea eta bizia izan zen Kongresuan. Milagros Marcos PPko diputatuak «landagunea isilarazteko saiakerak» salatu zituen, eta otsoaren «kudeaketa arduratsua» defendatu zuen. Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministrorde hirugarren eta ministro Sara Aagesenek, aldiz, adierazi zuen gobernuak «eskura dituen tresnak» aztertuko dituela espeziea babesteko.
Marcosen arabera, basoko faunak egindako erasoei lotutako galerak 4,5 milioi kilo haragi hondakin bihurtzen ditu urtean. Gainera, Europar Batasunaren zuzentarau berri batek otsoa hegoaldean ere kudeagarri egiteko aukera ekarriko duela iragarri zuen.
Euskadin, «otsoarekin bateraezina»
Joseba Agirretxea EAJko diputatuak azpimarratu zuen «Euskadin abeltzaintza estentsiboa otsoarekin bateraezina» dela. Antzeko iritzia eman zuen Isidre Gavin i Vallsek (Junts). Bestalde, Tomás Fernández Ríosek (Vox) adierazi zuen otsoa LESPREtik ateratzea Duero hegoaldean ere egin behar dela.
Ekologistak eta komunitate «otsozaleak», aurka
Erabakiak zalaparta handia sortu du talde ekologisten artean. WWF erakundeko Juan Carlos del Olmok adierazi duenez, «Espainiako naturaren kontserbazioaren historiako kapitulu beltza sinatu du Kongresuak». Ecologistas en Accion taldeak PPri egotzi dio otsoarekiko «gorrotoa» izatea eta egoera lehengoratzeko ekintzak iragarri ditu.
Sindikatu ganaduzaleek, pozik
COAG nekazaritza elkarteak pozik hartu du erabakia, euren datuen arabera otsoaren erasoak %40 igo baitira 2022tik. UPAk adierazi du neurri hau beharrezkoa zela ganaduzaleek jasandako kalteengatik. Bestalde, ASAJAk neurri bera Duero hegoaldean aplikatzeko eskatu du, baita Europa mailako araudia aldatzeko ere.
«Otsoa kudeatzeko aukera hobea» emango duela adierazi du Union de Uniones sindikatuak, ganaduzaleen babes hobea ahalbidetuko duela azalduz.