Ataungo Udalak udako oporraldirako hainbat lanpostu eta praktikaldirako aukera iragarri ditu. Zehazki, haur-zaintzako hezitzailea, udaleku irekietako zuzendaria eta begiraleak kontratatu nahi ditu, eta horrez gain, herriko gazteei praktikak egiteko aukera ere eskaini nahi die.
Haur-zaintzako Hezitzailearen lanpostua
Ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean izango da kontratazioa haur-zaintza zerbitzua eskaintzeko. Izena emateko, interesdunek udaletxeko bulegoetan edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute curriculuma eta eskatutako dokumentazioa.
Hezitzaile izateko, euskarazko C1 maila edo baliokidea dutenek soilik izango dute aukera. Horrez gain, Haur Hezkuntzako titulazioa edukitzea baloratuko da, lehen sorospen ikastaroa egin izana eta aurretiko esperientzia. Dokumentuak aurkezteko epea apirilaren 14tik maiatzaren 5era izango da.
Udaleku irekietarako Zuzendari eta Begiraleen deialdia
Udalekuak ere ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean izango dira, eta Udalak zuzendari bat eta hainbat begirale kontratatuko ditu. Euskarazko C1 titulua kasu honetan ere derrigorrezkoa da. Halaber, zuzendari edo begirale titulu ofiziala izatea baloratuko da, hezkuntza-arloko ikasketak eduki izana, lehen sorospen ikastaroa eta gazteekin aurreko esperientzia.
Izena emateko eta dokumentuak aurkezteko prozedura eta epea hezitzailearen kasuan bezala dira: apirilaren 14tik maiatzaren 5era.
Herriko gazteentzako praktikak
Bestalde, Ataungo Udalak aukera berezi bat eskaini nahi die herriko gazteei: udalekuetan praktikak egiteko aukera. Praktiketan aritzeko interesa dutenek ere udaletxera jo edo erregistro elektronikoa erabil dezakete izena emateko. Kasu honetan, gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu behar da nahitaez. Epea, aurreko kasuetan bezala, maiatzaren 5ean amaituko da.
Informazio gehiago
Interesdunek informazio gehiago jaso dezakete komunikazioa@ataun.eus helbidera idatziz edo 616 758 758 telefono zenbakira deituz. Era berean, Ataungo Udalaren sare sozialen bidez ere jarraipen zuzena egin daiteke.