Barandiaran Museoak erakusketa eta ekintza-ziklo berezi bat hartuko du apirilaren 9tik ekainaren 29ra bitarte. Erakusketa asteazkenetik igandera bitarte egongo da ikusgai, 10:00etatik 14:00etara, eta Ataungo aztarnategietako pieza arkeologiko esanguratsuenak bilduko ditu, Joxemiel Barandiaranen lehen indusketetatik gaur arteko ibilbidea errepasatuz.
Bisitariek, besteak beste, Usategiko azagaia, denario iberikoak, Jentilbaratzako eraztunaren erreplika eta Allekoaitzeko lehoinabarraren garezurra ikusi ahal izango dituzte.
Ekintza ugari, publiko guztientzat
Erakusketarekin batera, hainbat jarduera antolatu dira, euskal arkeologiaren eta ondarearen inguruan interesa dutenentzako aukera paregabeak eskainiz.
Apirilaren 9an, eguerdiko 12:00etan egingo da erakusketaren irekiera ekitaldi ofiziala Barandiaran Museoan. Handik hiru egunera, apirilaren 12an, Joxean Mujika arkeologoaren eskutik bisita gidatuak eskainiko dira: 11:00etan gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz.
Maiatzaren 14an, 18:30ean, Ander Arrese arkeologoak Ataungo Erdi Aroko aztarnategiei buruzko hitzaldia emango du, eta maiatzaren 30ean, 19:00etan, Ataungo Herri Antzokian solasaldi berezi bat egingo da herriko ondarea ezagutzeko abentura baten historiaz. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Paco Etxeberria, Juan Jose Astigarraga, Koldo Sansebastian eta Mikel Azurmendi.
Ekainaren 5ean, Monty Phytonen “Life of Brian” filmaren inguruan eraikitako “Zer zor diegu erromatarrei?” hitzaldia izango da Mertxe Urteagaren eskutik, 18:30ean, Barandiaran Museoan. Hitzaldiaren aurretik, “Erromatarren arrastoak oinen azpian” dokumentala proiektatuko da.
Ekainaren 8an, mendi irteera bat egingo da Ataungo ondarea ezagutzeko, Joxemielen aurkikuntzen atzetik. Irteera Ataungo San Martingo plazatik abiatuko da goizeko 9:00etan, Atauniker elkarteko kideek gidatuta.
Zikloa amaitzeko, ekainaren 12an, 18:30ean, Trinidad Torres paleontologoak eta Aritza Villaluenga EHUko paleontologoak “Troskaetako hartzak eta Ataungo faunaren bilakaera” izeneko hitzaldia eskainiko dute Barandiaran Museoan.
Antolatzaileak eta izen-ematea
Ekintza guztietan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, Barandiaran Museora dei daiteke (943 180 335 / 688 895 069) edo posta bidez harremanetan jarri: barandiaran@gipuzkoanatura.eus.
Ekimen hau Ataungo Udalak antolatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadik, EHUko adituek, Parketxe Sareak, Gordailuak, Atauniker elkarteak eta Barandiaran Fundazioak lagundu dute. Antolatzaileen esanetan, «erakusketak Ataungo ondare arkeologikoa balioan jartzen du, eta herritarrek bere historiarekin konektatzeko aukera paregabea eskaintzen du».