Euskal Herriko 130 akademiko baino gehiagok sinatu dute «Indarberritze armamentistikoa ez da bidea» izeneko manifestua, industria militarraren hedapenaren aurka agertuz eta gizarteari hausnarketa kolektiborako deia eginez. Sinatzaileek salatu dutenez, sektore armagilea ekonomia eragile bihurtzea «aberrazio bat da».
Manifestuan, adierazi dute armagintzaren inguruko garapen ekonomikoa «milaka pertsonaren heriotzan eta herrien genozidioan» oinarritzen dela eta «euskal herriaren oinarri etikoen aurka» doala. Gaineratu dutenez, «Europan egiten ari den bezala, mundua segurtasunaren logikan antolatzea botere geopolitiko handien interesak babestea da, eta planetako baliabide naturalen ustiapena areagotzea».
Etika eta erantzukizun soziala, oinarrizko ardatzak
Sinatzaileen ustez, administrazio publikoek etika eta erantzukizun sozialeko printzipioak txertatu behar dituzte beren politiketan. Hala ere, salatu dute «Lakuko Gobernuak industria militarra babestearekin batera, oinarrizko printzipio etikoak bazter utzi dituela».
Testuak azpimarratzen du armagintzaren aldeko apustuak ez duela etorkizun jasangarririk eskaintzen: «Begirada laburra eta elkartasunik gabea da, ez dator bat une historiko honek eskatzen duenarekin, ezta Euskal Herriko herritarren behar eta helburuekin ere».
Gainera, adierazi dute industria militarrean inbertitzea «defentsarako gastu publikoa ikaragarri handitzea» dela, eta horrek kalte egiten diola «trantsizio sozioekologikoari eta gure ekonomiaren deskarbonizazioari».
Zedarriak eta Lakua: bi ikuspegi kontrajarri
Manifestuan jaso den jarrera kontrastean dago foro ekonomiko batzuek plazaratutakoekin. Esaterako, Zedarriak enpresa-foroko presidenteak urtarrilean aurkeztu zuen txostenean industria militarra «aukera bikaina» zela adierazi zuen eta «Euskal Herrian eztabaida irekitzea» proposatu zuen. Jarrera hori partekatu zuen Lakuako Industria sailburu Mikel Jauregik ere.
Dena den, manifestuaren sinatzaileek bestelako ikuspegia aldarrikatzen dute: «gizarte justuagoa eta ekologikoki iraunkorragoa» eraikitzeko aukera badagoela uste dute, eta horretarako, «gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten dieten estrategia ekonomikoak» behar direla.
Beste sinatzaile batzuk batzeko deia
Manifestua sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Mariluz Esteban, Imanol Zubero, Jule Goikoetxea, Unai Pascual, Patxi Zabalo, Iban Zaldua, Estitxu Garai, Igor Ahedo, Iñaki Lasagabaster, Miren Ortubay, Ramon Zallo, Iosu Amezaga eta Olatz Arbelaitz.
133 sinatzaile izanik orain arte, gainerako komunitate zientifiko eta akademikoari ere dei egiten diote «egitasmo honekin bat egin dezaten eta gaiaren larritasunak eskatzen duen gizarte eztabaida ireki dadin».