EHUko Ekologia Flubiala taldeak Kontxako badiako ‘Ostreopsis’ alga mikroskopikoaren ugaritzea aztertu du, eta ikerketa horrek argi utzi du mikroalga hori askoz ugariagoa dela Ondarretan, Kontxako hondartzaren ekialdeko aldean baino. Arrazoia? Ondarreta inguruko itsas hondo harritsuak eta bertan hazten diren makroalgak, ‘Ostreopsis’entzat egokiak baitira.
Oinarri tropikaleko mikroalga bat, geroz eta arruntagoa gure kostaldean
‘Ostreopsis’ izeneko mikroalga ur gutxitan bizi da eta, nahiz eta bere jatorria tropikala izan, ozeanoen berotzeak egoki bihurtu ditu Euskal Herriko kostaldeko inguruneak haren garapenerako. Lehen aldiz 2007an antzeman zen Bizkaiko Golkoan, eta gaur egun udako hilabeteetan ugaltze masiboak izaten dira.
Alga hau toxikoa izan daiteke zenbait kasutan, eta arnas arazo arinak, sukarra, larruazaleko narritadurak edo eztula sor ditzake. 2020an Lapurdin izan ziren lehen intoxikazio kasuak eta 2021ean, Donostian ere bai.
Ikerketaren xehetasunak
Yago Laurenns Balparda ikertzaileak azaldu duenez, bi puntu nagusitan bildu dituzte datuak: Ondarretako mendebaldean eta Kontxako ekialdean. «Helburua zen mikroalga honen garapena bi guneetan aztertzea eta zerk eragiten duen hainbeste hazteari Donostian», adierazi du ikertzaileak.
Biek antzeko baldintza klimatikoak dituzte (tenperatura, haizea, itsaslasterrak, gatz kopurua…), baina diferentzia handia dago hondoaren ezaugarrietan. «Ondarreta guztiz estalita dago tamaina ezberdinetako arrokez eta makroalgez, eta horiek dira ‘Ostreopsis’ alga hazteko gustukoenak. Aldiz, Kontxako onddo gehiena hondarrez estalia dago eta ia ez dago makroalgarik», zehaztu du Balpardak.
Arriskua ez da beti errealitate bihurtzen
Mikroalga hau ugaria izan arren, horrek ez du esan nahi bainua arriskutsua denik. 2022 eta 2023ko udan masiboki agertu zen ‘Ostreopsis’ Kontxan, baina ez zen intoxikazio kasurik erregistratu. Balpardaren hitzetan, «albiste ona da, baina beharrezkoa da jarraipen zorrotza egitea, kontzentrazio maila ezagutzeko eta egoera kontrolpean izateko».
Gainera, ikerketa honen bidez lehen aldiz baieztatu dute ‘Ostreopsis ovata’ —alga hauen artean toxiko bakarra den espeziea— Kontxan ere badela. Orain arte soilik espezie kaltegabea (‘siamensis’) zela uste zen. «Orain arte susmoa egon zitekeen ‘ovata’ zegoela, baina gure ikerketak lehen aldiz baieztatu du hori», gaineratu du Balpardak.