Ez da nolanahiko ikasturtea izan 2020/21 honetakoa, denetariko albisteak biltzeaz gain, lan egiteko moduak aldatu behar izan ditugulako ATI komunikazio taldean ere. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz telelana areagotu egin da zenbait sektoretan eta guk ere horretan jardun dugu beste behin ere egoerak behartuta.
Egunero-egunero munduan, estatuan, Euskal Herrian, Goierrin eta Ataunen herrian bertan gertaturikoa kontatzen aritu gara ataunirratia.eus-en zein sare-sozialen bitartez. Hori gutxi izango balitz, asteburuetako ‘Nahikoa da’ saioan zuekin bat egin dugu albistegi zerbitzu ezberdinak eskainiz.
Uda legez ordea, atseden bat hartu eta ikasturte berrirako pilak kargatzera joan behar dugulakoan gaude. Modu horretara, ATI komunikazio taldearen idatzizko zein irratiko albistegi zerbitzuak eten egingo ditugu ikasturte berriaren hasiera iritsi bitarte. Zehazki, uztailaren 26tik irailaren 5era (biak barne) izango da zerbitzuaren etenaldia.
Ataun Irratiaren 24 orduko emisioak ordea ez du inolako etenik izango uda honetan ere. Zuekin batera igaro nahi ditugu abuztuko egunak ere, musikarik eta konpainiarik onenarekin eta horretarako, programazio berezi, zein ederra prestatu nahi izan dugu:
Astelehenetik-ostiralera bitarte 07:00etatik 10:00etara bitarte gure esatarietako batek musikaz girotuko dizu goiza. 10:00etatik 14:00etara berriz Ataun Irratia VIP! saioan, 20/21 ikasturteko kolaborazio, atal eta elkarrizketarik onenak entzuteko aukeran izango zara. Eta 14:00etatik 17:00ak bitarte, gure beste esatarietako batek eguerdi eta arratsaldearen zati bat musikatuko dizu.
Gurekin bat ez egin ahal izateko arrazoirik ez duzu oraingo honetan ere. Uda zoragarri bat opa dizu ATI komunikazio taldeak eta ikasturte berrirako berrikuntza ezin hobeekin itzuliko garela esan. Laster arte!