Udako oporraldia amaituta, joan zen denboraldiaren antzera aukera zabala eskainiko du Ataun Irratiak 21/22 denboraldi berri honetan ere. Musika, konpainiarik onena eta saioetako aurkezlerik onenak ez dira faltan izango, berrikuntzarik onenak ekartzeko aprobetxatu baitute beste behin ere. Aurkezleez gain, joan zen denboraldian aritu ziren kolaboratzaileetako batzuk Ataun Irratiaren uhinetara batzen jarraituko dute eta oraindik ezagutzeko ditugun beste saltsero batzuk ere batuko dira.
Entzulerian lider izatea lortu ohi du denboraldiro Ioar Aizpuruak aurkezten duen ‘Nahikoa da’ saioak. Larunbat eta igande goizak girotzen jarraituko du beste behin ere Aizpuruak, 10:00etan hasi eta 13:00ak bitarte Maitane Ormazabal, Ane Murua, Joxe Begiristain eta Gorka Santesteban kolaboratzaileek beraien onena ekarriko dutelarik beste behin. Berrikuntzen artean, kirol munduko berri gehiago jorratzea izango da Joseba Ortigosa Altsasuko gaztea kolaboratzaile berrien artean topatuko baitugu.
Leire Perlines ataundarrak berriz, Top ATI saioari, dagokion zukurik onena ateratzen jarraituko du beste behin ere. Arrakasta batetik bestera jarraituko du saltoka gazteak eta Euskal Herrian zerrendako lehen postuan egotea merezi duten kantuak zeintzuk diren erakutsiko digu. Hori gutxi izango balitz, entzuleen arteko partaidetza sustatzeko, proposamenak bidaltzen jarraitzeko aukera izango da Top ATI saioan eta kanturik gogokoena bozkatzeko ere bai. Larunbatero 13:00etan izaten jarraituko du hitzordu garrantzitsuak eta igandero ordu berean berremanaldia entzuteko aukera izango da.
Gorka Santestebanek ‘Ostiraltxo’ magazina aurkezten jarraituko du, joan zen denboraldian entzule berri gehiago lortzeko aukera izan zuen magazina hain zuzen ere. Ostiral arratsalderoko formatuak ordea, aldaketa ugari dakartza beste behin ere 18:00etatik 19:00ak bitarte. Bueltan da esaterako ‘Goierri Biluzik’ atala, Goierriko pertsona ezberdinak gertuagotik ezagutzen jardungo du bertan. Berrikuntza nagusienen artean, Badok musika atariko arduradun den Jon Eskisabelen kolaborazioa entzuteko aukera izango da, beste zenbaiten artean.
Pop GO! saioa bueltan da beste denboraldi berri batekin. Larunbatero aurkeztuko du Julen Iraola ordiziarrak eta igandero berriz Ioar Aizpuruak. Ordutegi berdinean jarraituko du eta musika aukeraketa zabalarekin dator beste behin ere 17:00etatik 19:00ak bitarte. Musikaren munduan ez dute ezagutza gutxi bi gazteek eta aukeraketarik onena ekarriko diguten inolako zalantzarik ez dugu beste behin ere.
Soinu korporatiboaren aldaketa jasan du denboraldi berriekin batera Ataun Irratiak, eguneko 24 orduetan zehar konpainia egingo digunarena hain zuzen ere. Musikak beste aldaketa bat izan du eguneko ordu guzti horietarako eta aukeraketa zabala egin da beste behin ere. Euskarak garrantzia izaten jarraituko du lehen lerroan, Euskal Herriko musika talde, kantautore eta artista ezberdinen lan ugari entzuteko aukera izango baita Ataun Irratiaren uhinetan.