
Ataundarrak ditugu Inhar eta Aitzol Eskisabel anaiak, eta ‘Huntza’ taldeko musikari dira biak. Joan zen ostiralean kantu berria eman zuen taldeak ezagutzera, azken asteetan bere sare-sozialen bitartez aurreratu zuen modura. Beraiek ordea, ez dira kantu honetan topatu ditugun goierritar bakarrak izan, Ekaitz Goikoetxeak ere bat egin baitu beste behin ere. Aurrez ere halako ekarpenik egindakoa da Goikoetxea, ‘Xilema’ diskoan topa genezakeen ‘Olatu Bat’ kantuaren hitzak ere berak egin baitzuen.
Aurrerapen kantu honek ordea, nazioarteko kutsua ere baduela aipa genezake. Espero ez genuen Julieta Venegas artista Kaliforniarrak ere ekarpen paregabea egin baitu lan eder honetan. Bere ibilbide luze bezain zabalean 30 bat milioi disko inguru saldu ditu, eta 100 bat sari jaso ere bai. Tartean, Grammy bat baitu.
Aste honetan izango dugu ‘Ezin Ezer Espero’ izeneko diskoa osorik entzuteko aukera, baina oraingoz, ’17:21′ izeneko lan bikain hau entzuten jarraituko dugu guk geuk ere Ataun Irratian.