Beti bezain berezi etorri zaigu beste behin ere Ane Murua kolaboratzailea gaurko honetan ‘Nahikoa da’ saiora, askoren haurtzaroak ondo baino hobeto errepasatzen hasi delako. Euskarazko marrazki bizidunak izan ditu hizpide gaurko honetan idiazabaldar gazteak, euskarazkoak edo euskarara bikoiztuta topa ditzakegunak hain zuzen ere. Ioar eta bien haurtzaroan ikus genitzakeen aipatutako gehienak, oraindik ere hauetako batzuk ikus daitezkeelarik.
‘Autobus Magikoa’, ‘Doraemon’, ‘Sin Chan’ eta beste hainbat izan dira gaurko eguerdian guretik pasa direnak eta beraien sintoniak entzuten ere aritu gara gainera. Ez dira nolanahiko oroitzapenak pasa gure buruetatik eta Muruak baieztatu nahi izan digunaren arabera, bigarren eta hirugarren atalak ere egiteko asmoa badu oraindik ere, uste baino marrazki bizidun gehiago direlako aipatzeko.