
Udalak gaur arratsaldean eman du jakitera skate ikastaro bat antolatu duela gabonetarako, bere sare-sozialetako profilen bitartez. Ikastaro trinkoak izango direla adierazi du eta bi egun ezberdinetan, San Martin zein San Gregorio auzoetan eskainiko dira, biak 10:30etatik 12:30etara bitartean abenduaren 28 eta 29an.
Skate-a edo Skateboarding-a, skateboard deritzon gurpildun ohol baten gainean ibili eta akrobaziak egiteko jolas eta kirola da. 1940ko hamarkadaren bukaeran sortu zen Kalifornian olaturik ez zegoeneko surflarien jolas moduan. 1970eko hamarkadan mundu osoroa zabaldu zen, bereziki mutil gazteen artean, horren inguruan azpikultura sortuz, skateboarding praktikatzen dutenek entzuten duten musikarekin eta janzten duten arroparekin loturik batik bat.
Euskal Herrian, Sancheski marka izan zen skateboarding zabaltzen aitzindari 1960ko hamarkadaren bukaeran, hainbat hiritan skateboarding-erakustaldiak antolatuz eta Irunen ekoiztutako oholak merkaturatuz. Ugari ikusten ditugu gure inguruko herri zein hirietako kaleetan eta udalak, jarduera hau antolatu nahi izan du herritarrek gabonetan ere goza dezaten.
Udalak argitaratu eta emandako informazioaren arabera, dohainik izango da ikastaroa. 9 urtetik hasi eta 15era bitarteko ikasleek hartu ahal izango dute parte, eta 8 partaideko taldeak sortuko dira jarduerak burutu ahal izateko. Kontuan hartzeko datua da, bakoitzak bere skate-a zein babesgarriak eraman beharko dituela, eta abenduaren 16a baino lehen izena eman beharko dela 616758758 zenbakian.