2021 urteari agur esateko gero eta gutxiago geratzen zaigu, eta Ataun Irratian urtero prestatu ohi dugu zerbait berezia agur hori, bikaina izan dadin gure uhinetan ere. Oraingo honetan, 2 orduko irratsaio berezi bat egitea erabaki dute Gorka Santesteban eta Ioar Aizpurua kideek. Abenduaren 24 honetan agurtuko du ‘Ostiraltxo’ saioak irailean hasitako 4.denboraldiaren lehen zatia, gabon oporrak hartu eta urtarriletik aurrerakoei berriro ekin ahal izateko.
Denetarik entzun ahal izango da bi ordu horietan zehar, musika bidelagun izanda gonbidatu eta kolaboratzaile ezberdinak igaroko baitira mikrofonoen aurretik. Santestebanek eta Aizpuruak ohi modura 19:00etan abiatuko dute ‘Ostiraltxo’, baina Ataun Irratiko gainerako lankideek ere beraien aletxoa utziko dugu zorion mezu batzuk entzuteko bidalita. Bakoitzak ere, kantu ezberdin bat eskatu nahi izan dugu, eguberri giro bat izan dezan saioak.
Betzaida Kortazar legorretarra izango da saioko lehen gonbidatua. Idazlea da bera eta orain arte argitaratu dituen lan ezberdinak emango dizkigu ezagutzera, estudiora bertara ekarriko baitizkigu geure begiekin ikus ditzagun. Aurrera begira berriz baditu buruan zenbait asmo, eta horiek jakiteko ere zertxobait galdetuko diogu gabon giro eta maitasun bete betean. Guztiei egingo diegun galdera izango da ere 24 gauerako dituzten planak zeintzuk izango diren, etxe bakoitzeko sukaldera sartuko baikara familia ezberdinen ohiturak zeintzuk diren ezagutu ahal izateko.
Magiaz beteriko gaua izan ohi da abenduak 24 Euskal Herri osoan, baina aurtengo honetan beste puntu batera eramango dugu magia hori ‘Ostiraltxo’ saioan. Eneko Gutierrez ilusionista legazpiarra gonbidatuko dugu saiora eta berarekin hitz egin ondoren, trikimailu berri bat egingo digu gure begien aurrean. Berak ere txundituta utziko gaituen inolako zalantzarik ez dugu, eskuak alde batetik bestera mugitzen dituen bakoitzeko, aho zabalik uzten baikaituzte behin eta berriro.
Hirugarrenik, ‘Nahikoa da’ saioko kolaboratzaile Ane Murua izango dugu entzungai. Bera ere umorez eta poz pozik etorri da seguruenik eta gabon hauetan telebistan edota interneteko plataformetan izango dugunaren berri emango digu. Umorez, pozik eta zoriontsu igaroko ditugu berarekin ere elkarrizketako minutuak, Muruak idiazabalen bere familiarekin gabon eta urtezahar gauak igaroko dituen modura. Kanpai-kadak non ikusi ez baldin badakizkizu gainera, kolaboratzaileak berak egingo digu telebista kateen errepasoa.
Agurtu baino lehen berriz, umoregile edota aktore baten bisita paregabea jasotzekotan gara. Kike Biguri aktore goierritarraren bisita ez da faltan izango eta bere ibilbideaz hitz egiten izango gara gustura asko. Zenbait lan egin ditu lagun profesionalak, eta errepaso bat eman ondoren, aurrera begira dituen asmoen inguruan galdetuko diogu. Hau guztia, beti bezala, serio hartzeko biderik egongo ez denez, umore puntu batekin burutuko dugu tartea.
2021eko gabonak ere berezi datoz beraz Ataun Irratian, abenduaren 24an 19:00etan hasiko baita ‘Ostiraltxo’ saioa ohi modura. 21:00etatik aurrera berriz, gabon kantu ezberdinak entzuteko aukera izango dugu Gorka Santestebanekin, berak ere sesio musikal berezi bat prestatu baitu, eta 25ean ordu berea, berremanaldia entzuteko aukera izango dugu Ataun Irratiaren uhinetan ere.