Hamar urte igaro dira ‘Nahikoa da’ saioak bere ibilbideari ekin zionetik podcast formatuan, musika, informazioa zein entretenimendua biltzen zituen zenbait eduki eskaintzeari. Euskal Herrian egun entzun genitzakeen doinuak zeintzuk ziren gertuagotik ezagutzeko aukera eskaintzen zuen saioak, mundu zabaleko talde zein kantautoreek kaleratzen zituzten doinu horien bozgorailu izatera iristeraino. Euskal Herrian sortu ziren musika talde berriak, zein hauen lanak, gertuagotik ezagutu genituen elkarrizketa ezberdinen bitartez.
Lehen denboraldi hori amaitu baino lehen, Ataun Irratiaren sorrera (2013ko martxoaren 15a) iritsi zen, eta honen uhinetara egin zuen salto. Egun ezagutu izan dugun tartea hartu zuen, larunbat zein igande goizetan zuzenean entzuteko aukera genuelarik 10:00tatik 12:00tara bitarte. Informazioa ere tarte garrantzitsua hartzen hasi zen saioan, herritik hasi eta Goierriko bailaran, Euskal Herrian zein mundu zabalean gertatzen zena kontatzeko ilusio bereziarekin.
Magazin formatuko saio baten itsura zuen hasieratik, eta entretenimenduak ere ezin zuen falta. Kolaboratzaile ezberdinak parte hartzen hasi ziren saioan, eta denetariko eduki ezberdinak bildu izan ziren ordutik aurrera, baita lehiaketak, zozketak eta bestelako zenbait eskaintza ere.
Ataun Irratiaren sortzaile bezala, ‘Nahikoa da’ko zuzendari ere bazen Ioar Aizpurua ataundar gaztea. Etxe bereko beste zenbait eginkizunetan jarduteaz gain, beste saio batzuk ere aurkeztu zituen hastapenetan, baina «hamar urte iraun dituen saioa, nire haurtxoa izan da» baieztatu du. Urte batzuen bueltan, Leire Perlines herritarra batu zen saioaren bigarren aurkezle izatera eta bi ahots entzun genituen irratiaren beste aldean. Umorea gehitu nahi izan zieten biek saioari, eta atal ezberdinak sortu zituzten hori aurrera eraman ahal izateko; esaldi ezberdinak txinatarrez irakurtzen amaitu zuten arte.
Perlinesek denbora bateko atsedena hartu zuen, baina itzulerarekin batera, udako denboraldiari hasiera eman eta denboraleko formatuko paper garrantzitsu batera egin zuen salto aurkezleak. «2020ko uda izan zen nagusiki saioaren ibilbideko tarterik bereziena» Aizpuruaren hitzetan. Koronabirusaren pandemia bete betean, ‘Nahikobero’ aurkeztu zuten bi aurkezleek uztaila eta abuztuan zehar. Saioa asteburuetan izan beharrean, astelehenetik ostiralera izan genuen entzungai, eta 10:00tatik 12:00tara izan ordez, ordubete gehiago gehitu eta 13:00etara bitarte aritu ziren mikrofonoaren aurrean kontu-kontari. Gonbidatu ugari igaro ziren mikrofonoaren aurretik, sari ezberdinak ere zozkatu zituzten irratiko entzule zein sare sozialetako entzule eta jarraitzaileen artean, eta atal ezberdinei esker ahaztuko ez dituzten minutuak geratu ziren grabatuta.
2020ko irailetik aurrera, herriari tarte berezia eskaintzen hasi zitzaion saioa. Ohi modura, bertako albisteak entzuteko aukerak bere horretan jarraitzen bazuen ere, kultur ekitaldien berri emateko atal berezi bat zabaldu zen. Martin Aramendi alkatearekin berriz, herrian gertatzen zena bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen hilabetez behin.
Azken denboraldian parte hartu duten Gorka Santesteban (Ostiraltxo saioaren aurkezlea), Ane Murua, Maitane Omazabal, Joxe Begiristain eta Joseba Ortigosa kolaboratzaileek ere, beraien onena eman dute tarte bakoitzeko. Guztiek utzi izan dute ikasteko zerbait, batzuetan umorez eta beste batzuetan berriz bere seriotasunean jorratutako gaiekin. Urte ugariz ere, saioko beste ahots bat bilakatu da Julen Iraola, saioko sintonia, rafaga eta gortinen atzean ezkutaturik topatu bai dugu. Baina hamar urteko ibilbidearen ondoren, Aizpuruak, saioak eman beharreko guztia eman duela uste du. «Entzuleek gogoko izan duten zerbait izan da, guztiek eskertu izan dutena, baina bide guztiek dute amaiera bat eta hau izan da ‘Nahikoa da’k eman duena» adierazi du.
Gauzak horrela, ez du askorik aurreratu ataundar gazteak, baina irailetik aurrera 22/23 denboraldirako proiektu berri batekin entzungo dugula zehaztu digu Ataun Irratian, saio berri bat ekarriko duela aurreratu bai du. Bien bitartean, abuztuko oporraldiaz gozatzera joango dira «nahikoadatarrak» urte luzeko lan bikainaren ondotik.