24 ordu baino gutxiago geratzen dira 2023 honetako Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeei ekiteko. 3 zerrenda aurkeztu dira, EH Bildu, EAJ eta PSE-EE, eta 38 hautagaien (18 emakume) artean aukeratuko dira zinegotziak. Zerrendaburuei dagokienean Martin Aramendi egungo Ataungo alkateak jarraituko du EH Bilduren hautagaia izaten, EAJ-ren aukeraketa berriz Kontxi Sukia izan da, eta PSE-EEren hautagaia berriz Manuel Angel Lopez Becerra. Aurten gainera 1.236 hauteslek izango dute botorako eskubidea.
San Martin auzoari dagokionean Auzoeta kiroldegian izango da bozkatzeko aukera, aparkalekuko sarrerako atetik sartu beharko dela jakinarazi dute. San Gregorio auzoan berriz, elkargunean jarriko dira hautetsontziak. Ataun Irratiak bere webgunean orrialde berezi bat jarri du eskura 1999tik gaur egun arteko datuak kontsultatu ahal izateko, eta maiatzaren 28ko hauteskundeen datuak ere kontsultatzeko aukera izango da datuak jasotzen hasi bezain laster.