Urriaren 29an jokatuko da Ataungo Hiru Auzoetako korrikaldiaren XLII. edizioa, “Mantzaren oroimenezkoa”. Urteroko ibilbidea izango du beste behin ere: San Martin auzoko plazatik abiatu, Sangregoriotik barrena Kaxetara iritsi eta Aia auzora igo beharko dira korrikalariak. Bertatik atzera egin eta bide bera hartu beharko dute partaideek San Martingo plazara iritsi ahal izateko.
Ataun Kirol Elkarteko atletismo taldeak antolatutako ibilbideak 17,3 kilometroko luzera du, eta gehienez bi orduko iraupena izango du korrikalari bakoitzak ibilbidea burutzeko. 18 urte eduki beharko dira gutxienez norbere kabuz izena eman ahal izateko, adin txikikoek guraso edo tutore legal baten baimena izan beharko dute parte hartzeko eta horretarako, www.kirolprobak.com-en dagoen baimen orria betetzea nahitaezkoa izango da.
Elkartetik zehaztu dute 300€-ko saria izango duela errekorra jartzen duen partaideak, gizonezkoena 00:54:10 da eta emakumezkoena 01:04:52. Gainerako sariak lehen hiru sailkatuen artean banatuko dira: Lehen beteranoa (emakumezkoak: 40 urte; gizonezkoak: 45 urte), lehen herritarra eta lehen herritar beteranoa. Partaide guztientzat berriz herriko produktu sorta egongo da.
Izen ematea aurrez burutzeko aukera egongo da www.kirolprobak.com webgunean, 12 euro ordaindu beharko dira bertan eta egunean bertan eginez gero 20€-ko kostua izango du inskripzioak.