Duela egun gutxi, Galiziako Xuntak iragarri zuen 18 urtetik beherakoei edari energetikoak deiturikoen salmenta eta kontsumoa debekatzeko asmoa zuela, alkoholarekin gertatzen den bezala. Erabaki horrekin nolabaiteko zalaparta sortu da, nahiz eta hainbat erakunde eta elkarte zientifiko aspalditik ohartarazten ari diren edari mota horren kontsumoaz eta horrek osasunean dituen ondorioez.
Pediatrek ohartarazten dute edari horietako asko litro erdiko ontzietan saltzen direla, eta horrek esan nahi du barnean duten kafeina kantitatea bi kafe espresso baino gehiagoren baliokidea dela. Gainera, azukre sinpleen ekarpen oso handia dakartela diote. AEPletik azaldu dutenez, kafeinari buruzko ikerketa zientifikoek «agerian uzten dute kafeinaren kontsumoa honako hauekin lotzen dela»:
- Suminkortasuna
- Insomnioa
- Zefaleak
- Antsietatea
- Kontzentraziorik eza
«Patologia metabolikoak eta kardiobaskularrak, hala nola takikardia edo presio arteriala handitzea» ere ekar lezake.
Eneritz Mujika dietistak Ataun Irratiko ‘Ezbaian’ saioan azpimarratu zuen, «edari mota hori ohikotasunez hartzeak, tolerantzia sortzeaz gain, adikzioa ere eragin dezakeela».
Udazkeneko elikaduraz aritu gara Eneritz Mujika dietistarekin
Espezialistek ohartarazi dute, halaber, obesitateak eta gehiegizko pisuak gora egin dutela haur eta nerabeetan. Joera horrekin amaitzeko modu bakarra bizimodu osasungarriak ikastea eta praktikatzea da, hala nola ariketa fisikoa edo elikadura. Baina edari energetikoen kasuan, azukreez gain, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Gastroenterologiaren eta Nutrizio Pediatrikoaren Europako Elkarteko Nutrizio Batzordeak emandako gomendioen arabera, azukreek kafeina ere izaten dute, eta kafeina horren kontsumoa ez da inolaz ere gomendagarria pediatriako adinean.