Osasun zerbitzu publikoaren egoerak nabarmen egin du okerrera azken hilabeteetan Ataunen. Sorturiko gabeziak herritarren haserrea eragin du, eta ‘Medikuak Ataunen plataforma’ sortzea erabaki dute egoerari irtenbide bat bilatu asmoz. Astearte honetan herrian bildutako 626 sinadura aurkeztu ditu plataformak Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean.
Ia hilabete igaro da Ataunen lehen arretako medikurik ez dagoela, hasiera batean zeuden bi medikurik gabe geratu delako herria lekualdaketen eta baja-ordezkapenen ondorioz. Egun Osakidetzak Olaberriatik eta Lazkaotik bidaltzen du medikua astean bi egunetan gabezia hori betetzeko, baina plataformaren esanetan «ez da nahikoa».
Plataformak dio administrazioaren erantzun gutun bat iritsi dela etxeetara «prepotentziaz eta gezurrez jantzita»: «Ataunen medikuntza zerbitzua bermatuta omen dago, lehen arreta zerbitzu osoa hankapetik pasa dutenean. Eta honekin konformatzea nahi dute, isil gaitezela, utzi ditzagula bakean» salatu du plataformak.
Osakidetzak izandako erreakzioaren aurrean plataformak dio: «agerikoa da honelako herri baten zerbitzua erdi estaltzeko albokoarena itotzea biderik zuzenena dela». Gauzak horrela ozen aldarrikatu du astearte honetan plataformak Eusko Legebiltzarrean, «ataundarrok, nazkaturik eta osasun zerbitzu duina exijitzen dugula».