Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Ataunen izango da hilabetearen amaieran, Ataungo EAJk antolaturiko hitzaldi bat eskaintzen. Euskal zaintza sistema publikoak dituen erronken inguruan ariko da Peña, eta herriko adinekoak babesteko prozedura zertan oinarritzen den azalduko du.
Ataungo EAJk prentsa-ohar batean azpimarratu nahi izan duenez «zainketak eztabaida publikoaren lehen lerroan daude, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak zaintza-eredu berriaren ardatzak aurkeztu ditu duela gutxi». Eredu «Sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa» osatzearen aldeko apustua egin duela dio alderdiak.
Gauzak horrela, otsailak 29, osteguna, Ataungo Batzokian izango da Peña bere hitzaldia eskaintzen eta Ataungo EAJk ateak zabaldu nahi izan dizkio pertsona orori bertaratzeko.