Disko berria argitaratuta ere, ohiko izaerari eutsi nahi izan diote Unidad Alavesa taldekoek beraien lanik berrienarekin. Hitz joko bat erabili nahi izan dute disko izendatzerako garaian, japoniar ukitu bat emateko nahia alde batetik hartuta eta Sakanan hitzen amaierako “n” hizkia ezabatzeko ohitura bestetik gogoko izanda. ‘Motoki, zakurreki, egurreki…’, izenarekin kaleratu da beraz talde ataundarraren laugarren disko.
Herriko pertsonaia bereziak aurkezteko ohiturari tinko eutsi nahi izan diote beste behin, eta horretarako baliatu dute oraingo honetan ere diskoaren azala. Mikel Munduate ataundarra ageri da bertan, moto batean, zakurrarekin eta atzealdean egur pilo bat duela.
CDak salgai dira dagoeneko Ataungo Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernetan, baita Lazkaoko Malantza, Herriko, Giroa eta Goierri Konpetin ere. Beasainen berriz Irizar tabernan eta Behin Betiko Tattoo estudioan ere eskuragarri dira 10€-ren truke. Plataforma digitalei dagokienez gaur gaurkoz abesti bakarra entzuteko aukera dago, martxoan jarriko dituzte gainerakoak eskuragarri.
Aurkezpen birari dagokionean berriz martxoaren 9an ekingo diote, Ondarroan, Portuko Rapin eskainiko dute kontzertua 22:00etan. Hilaren 14an Arrasaten izango dira, 15ean Bilbon, 16an Gasteizen, 22an Igorren eta 23an Iruñean. Martxoan hasiera indartsua emango badiote ere, hilabetean pare bat kontzertu emango dituztela iragarri du taldeak, baina Lazkaoko San Prudentzio jaietan ere izango direla aurreratu dute.