Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan Lehendakaritzan egindako agerraldian iragarri duenez. Espekulazio ugariren ondotik egin du iragarpena lehendakariak, guztien ahotan bai zen data hori eta ezohiko Gobernu bileran erabaki du sailburuei iragarpena egitea.
Iragarpenaren ondotik, hartutako erabakia otsailaren 27an argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean. Egun horretan bertan desegingo da Eusko Legebiltzarra, eta hautekundeetarako atzera kontaketa abian jarriko da, kanpainari dagokionean berriz apirilaren 5ean hasiko da.
Ia 12 urte eman ditu lehendakari karguan Urkulluk, 2012ko abenduaren 15ean hartu bai zuen makila eta apirilaren 21eko hauteskundeetan erreleboa emango du. Iragarpenaren osteko hitzartzean, bere aitortza eta esker ona adierazi nahi izan die euskal herritarrei. «Ez ditugu urte errazak bizi. Krisiak bata bestearen atzean pilatu zaizkigu etxeko atean, ondorio zuzen eta oso larriekin, gainera», azpimarratu du.