Aste honetan elkartu dira Ataungo Udaleko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariekin, herriko osasun zerbitzu publikoaren egoeraz hitz egin ahal izateko. Udaleko ordezkariak «osasun zerbitzuak azken urte hauetan izandako bilakaeraren kezkaz» aritu dira, «kalitatezko lehen arretako zerbitzua izatearen garrantzia» azpimarratu nahi izan dute lehenik eta behin. Herriaren ezaugarriak kontuan harturik «ezinbestekotzat jotzen dugu bi kontsultategi izatea, bakoitza bere medikuarekin eta erizainarekin egon ahal izateko», diote kaleratutako oharrean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariek, Ataungo eta inguruko beste zenbait kontsultategien informazioa eman dute bileran. Herri horietako ordezkariek ere lehen arretako zerbitzuaren garrantzia azpimarratzen dute «kasuen %80 lehen arretako zerbitzuan konpontzen direlako», eta Osasun Sailaren arabera «Ataungo bi kontsultategiei bere horretan eustea dela asmoa». Asmoak asmo, egoera zaila dela diote, «gaur egun era horretako lanpostuak betetzeko mediku gutxi daudelako».
Egoeraren larritasuna dela eta Medikuak Ataunen Plataformak hitzaldia antolatu du martxoak 12, 19:00etan San Gregorio auzoko elkargunean. EH Bilduko parlamentari Rebeka Ubera eta Jesus Oñate LAB sindikatuko ordezkaria izango dira hitzaldia eskainiko dutenak.