Gipuzkoako probintziaren hego-sartalde osoa da Aralarko natura-parkea, 109 kilometro koadroko azalera du eta 1994an izendatu zen. Natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, izan ere, gaur egungo pasaia, hiru giza jarduerak itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Ondare naturalaren babesleku eta gordeleku ez ezik, aisialdirako lekua ere bada zenbaitentzat, asko bai dira ingurumenaz zein ikusmiraz gozatzera gerturatzen direnak.
Aralarko natura-parkearen garrantzia aitortu asmoz, «Aralarko natura-parkearen eguna» antolatu du ekainaren 16an lehenengoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak. Ezinbestekoa izan da Ataungo Udalaren eta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen aldetik jaso duten lankidetza, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
Taldean bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Lizarrustin elkartuko dira eta joateko bi orduko bidea egingo dute oinez. Gauzak horrela, komenigarria izango da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Haurrekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia (10 urtetik gorakoentzat). Bestalde, txakurrak eramatea debekatua egongo dela azpimarratu dute.
Egun horretan ezin izango da (baimenik gabe) autoz Aralegiko zelaitik aurrera joan. Aldundiak doako autobusa jarriko du Donostiatik eta Tolosatik Lizarrustiraino. Zerbitzu hori erabili ahal izateko ordea, ezinbestekoa izango da izena ematea (barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita, edo ondorengo telefono zenbaki batera deituta: 943180335 edo 688895069.
Hitzordua goizeko bederatziak eta erdietan da, Lizarrustin; itzulera ordua, berriz, lauetan, leku berean. Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusa goizeko 8etan aterako da Donostiatik, Ibaetatik (EHUko Psikologia Falkutatearen aurreko geltokitik), hain zuzen; 8:30ean Tolosan (Rondilla kaleko 34 zkiko. geltokian, Musika eskolaren aurrean) geratuko da. Halaber, 9:00etan Ataungo San Martingo plazan eta 9:05ean San Gregorion azken geldiuneak egingo ditu. Bostak eta erdiak izango dira arratsaldean autobusa Donostiara heltzen denerako.