Udako oporraldiari aspaldian esan genion askok agur, baita Ataun Irratian zein ATI Komunikazio taldean hilabete honetan zehar nahiko isilik egon baldin bagara ere. Irailaren 30ean hasiko da 2024-2025 denboraldia Ataun Irratiaren uhinetan, baina baita ATI Komunikazio taldean ere. Berrikuntza ugari etorriko dira etxe honetako txoko guztietara, baina umorea, entretenimendua, informazioa, kultura eta askoz gai gehiago jorratuko ditugu beste askoren artean.
Ohi modura informazioari tartea eginaz hasiko ditugu astelehenetik ostiralera bitarteko goizak, Naiz Irratiak ekoitzitako ‘Informazioaren Haria‘ren lehen edizioarekin (06:00 – 10:00). Jarraian, Ataun Irratiko ‘Abaraska’ saioaz gozatzeko aukera izango da (10:00 – 13:00), saio ezberdinetako kolaborazio, pasarte eta elkarrizketa berreskuratuko dira bertan. Eguerdiko erreleboa hartzera berriz Ioar Aizpurua etorriko da bere formularekin (13:00 – 16:00) bazkalorduko tartea girotu ahal izateko.
Astelehenetik ostiralera bitarteko arratsaldeei zapore gozoa jarri ahal izateko, Arrosa Irrati Sarearen ‘Zebrabidea‘ magazina izango da entzungai (16:00 – 18:00). Beste ikasturte batez Antxeta eta Naiz Irratiak elkarlanean jardungo dute, Oihana Azkue eta Ekhiñe Zapiain gidari direla. Arratsaldearen eta iluntzearen lotura egokia egin ahal izateko berriz, Ane Muruaren konpainia paregabea izango dugu (18:00 – 21:00) bere formularekin. Momentuko berrikuntza musikalak zeintzuk diren ezagutarazteaz gain, «kea baino zaharragoak direnak» ere entzunaraziko dizkigu idiazabaldarrak.
Iluntzetik aurrera, musika, kultura, entretenimendua eta askoz gehiago izango dira Ataun Irratiaren uhinetan. Asteartetik ostiralera, zenbait denboraldiz etxe honen uhinetan mantentzen den ‘Beste Bat‘ saioa (21:00 – 22:00) entzuteko aukera izango da. Astelehenetan ‘Musibla‘ (21:00 – 22:00), ‘Beranduegi‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Kolax‘ (23:00 – 00:00). Astearteetan ‘Global Musik‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Reggae Fever‘ (23:00 – 00:00). Asteazkenetan ingumenari, aldaketa klimatikoari eta literaturari begira jartzeko tartea hartuko dugu ‘Gelditu Makinak‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Uluka‘ (23:00 – 00:00) saioekin. Ostegunetan berriz teknologiaren eta bideo-jokoen munduan murgiltzeko aukera izango dugu ‘Game Erauntsia‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Sarean Zehar‘ (23:00 – 00:00) saioekin. Eta ostiraletan, musikaren mundu ezin ederragoan izango gara ‘Gramofonoa‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Otea Lili‘ (23:00 – 00:00) saioen eskutik.
Behin gauerdia igarota ordea, beste musika estilo bat entzuteko aukera izango dugu egunero Arrosa Irrati Sareko zenbait irratien eskutik. Astelehenetan ‘Bon Vivant‘, astearteetan ‘Haus Of Beats‘, asteazkenetan ‘Revolutionary Grooves‘, ostegunetan ‘Sateliteak‘, ostiraletan ‘Ad Libitum‘, larunbatetan ‘Zaratazarautz‘ eta igandeetan ‘Adi‘. Musikak ez du etenik izango goizeko ordu txikiak arte, ez eta asteburuetan ere: Larunbat eta igande goizero, Gorka Santestebanen konpainian esnatzeko aukera bikaina izango dugu (07:00 – 11:00) bere formularekin. Ondoren Ioar Aizpuruak hartuko du larunbatero erreleboa ‘Bide Ertzean‘ (11:00 – 13:00) saioarekin, eta igandeetan errepikapena entzuteko aukera izango da ordu berean.
Aurten, gainera, indartuta dator Aizpuruaren saioa. Bi orduko iraupena izango duen honetan, hilabeteroko tertuliak hilabeteko bi larunbatetan entzuteko aukera izango dugu. Bertan izango dira Ane Murua eta Leire Perlines ere, joan zen ikasturteko umore eta gai saltsero guztiei tartea eskaini asmoz. Asteburuko eguerdiei zapore gazi-gozoa jarri ahal izateko berriz, musika hautaketa onena ekarriko digu Leire Perlinesek (13:00 – 17:00) bere formularekin. Ondoren, Julen Iraolak hartuko du erreleboa (17:00 – 21:00), eta garai bateko abestirik onenak ezagutarazten jarraituko du ikasturte honetan ere bere formulako tartean.
Iluntzetik aurrera berriz, larunbatetan ‘Bertxoko‘ (21:00 – 22:00), ‘Bertsoinka‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Potto‘ (23:00 – 00:00) entzuteko aukeran izango gara. Igandeetan berriz ‘Kultur Zast!‘ (21:00 – 23:00) Gorka Santestebanek aurkeztutako podcast berria, ‘Piperpolis‘ (22:00 – 23:00) eta ‘Kultur Kuboa‘ (23:00 – 00:00). Santestebanek hilabeteko hirugarren igandeetan eskainiko du bere proiektu berria Ataun Irratiaren uhinetan. Euskal kulturako zenbait sortzaile elkarrizketatu asmoz, beraien lan berriak, asmoak eta ideiak ezagutzeko aukera izango dugu.