Astearte honetan ohar bat kaleratu du Ataungo Udalak, Auzoeta Udal Kiroldegiko gimnasioaren berritze lanen inguruko xehetasunak aipatuaz. Bertan azpimarratzen denaren arabera joan zen ostegunean argitaratu zuen Euskadiko Kontratazio Publikoaren plataforman berritze lanen lizitazioaren iragarkia. 77.514,76€-ko aurrekontua du gimnasioa handitu, aireztapen-sistema ezarri eta aldagelak irisgarritasun-araudira egokitu ahal izateko aurkeztutako kontratuak.
Kontratu horren kostuari %21eko BEZa gehituko bagenio, 16.278,10€ gehitu beharko genizkioke eta beraz 93.792,86€-ko kostua izango luke kontratuak. Behin lanak amaituta berriz, ekipamendua ere berritu egingo dela iragarri dute, eta horretara 30.000€-ko aurrekontua bideratuko da.
Gauzak horrela, berritze lanak direla tarteko, gimnasioa itxita egongo dela iragarri du Ataungo Udalak urtarrilaren 1etik aurrera, lan guztiak amaitu arte. Bi edo hiru hilabeteko aurreikuspenean amaitzea espero da. Egoera honetan, ez da egingo bazkidetza-berritzeko deialdirik abenduan eta urtarrilean. Behin lanak amaitu eta gimnasioa zabaltzen denean jakinaraziko dela azpimarratu du Udalak oharrean.
Bitarte honetan boulder aretoa erabiltzen jarraitzeko aukera egongo da eta bazkidetza berritu nahi duenak Udaletxetik pasa beharko du bere giltza aktibatu ahal izateko. Aretoaren erabiltzeko 20€-ko kuota ordaindu beharko da urte beterako, eta giltza 10€.