Urtea amaitu baino lehen 2025eko aurrekontuaren berri eman zuen Ataungo Udalak, informazio iturrien bitartez zabaldutako ohar baten bitartez. Bertan zehaztutako informazioaren arabera, joan zen abenduaren 20ko udalbatzan aho batez onartu zen 2.286.166,03€-ko aurrekontua, eta erronka handiak aurreikusten dira aurrera begira. Erronka horiei guztiei aurre egin ahal izateko, guztion esku-hartzea nahitaezkoa izango dela azpimarratu nahi izan dute, «proiektu nagusietan norabide berean lan egitea, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa» erakutsi dutelako.
Honela laburbildu dituzte 2025eko aurrekontuaren kontu-sail nagusiak:
- Langileen gastuetara 706.819€ bideratuko dira. Sail honetan udal langileak, alkatea (%75), zinegotzi bat (%25), udalekuetako monitoreak eta bestelako langileak egongo lirateke.
- Eraikinen eta bideen mantentze-lanak egin ahal izateko 508.140€ egongo dira. Bertan, herriko eraikinen, instalazioen, auzoen eta bideen mantentze-lanak, hondakinak biltzeko eta kudeatzeko erabiliko da aurrekontuaren zatia.
- Udalak egingo dituen inbertsioetara 497.281€ bideratuko dira. Modu honetara baserri-bideak berritu, Botika etxea zaharberritzeko mailegua eskatu, plaka fotovoltaikoak udal eraikinetan ezarri, gimnasioko ekipamenduak erosi, eskolako parkea berritu, Altzanipe eta Lizardi atzealdea txukundu, Olalde atzeko aparkalekua berritu, hirigintza-plana sendotu, lursailak erosi eta habitatak berreskuratu, landalurren mugatze digitala integratu, museoko sistema informatikoa berritu eta Jentilbaratzako gaztelua digitalki birsortuko dira.
- Elkarte eta erakundeen hitzarmenetarako 212.410€ baliatuko dira. Herriko elkarteak, Apalategi Beka, Goieki, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Lazkao Txiki Musika Eskola, Goimen, Enirio Aralar Mankomunitatea, Barandiaran Fundazioa, Barandiaran Katedra, UEMA, Udalbiltza, Goierriko Hitza, Goierri Telebista, euskara ikasteko dirulaguntzak dira hitzarmen horietako elkarte eta erakunde batzuk.
- Gizarte politiketako zereginak burutzeko 90.200€ egongo dira. Bertan familien larrialdietako laguntzak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, berdintasun-politikak, adinekoen eta gazteen dinamizazioa hartuko dira kontuan besteak beste.
- Festa eta kultura-jardueretara 124.000€ bideratuko dira. Auzoetako festak, kultur jarduerak, organo barrokoa, memoria historikoa, Ataungo ondarearen erakusketa, argazki rallya eta beste zenbait jarduera bildu dira sail honetan.
- Kreditu globala, zerbitzuen kontratazioa, irisgarritasun unibertsalaren azterlana, Kaxio bideko tarte bat gauzatzeko azterlana, etxebizitza hutsak merkaturatzeko azterlana, gastu juridikoak eta bestelako eginbeharrak azken sail batean bildu dituzte, eta 148.000€ bideratuko dira bertara.