Joan zen abenduaren 28an Lurraldebusen gidari bat garraiorako lineako autobus zerbitzua ematen ari zen bitartean, eraso fisikoa eta irain arrazitak jasan zituela salatu zuen. Larunbat arratsalde horretan, Lazkaon, bi gizonezkok gidaria iraindu, lurrera bota eta kolpatu egin zutela zehazten da aurkeztutako salaketan.
Lazkaoko San Inazio auzoan izan zen gertakaria, zehazki, Areso kalerasartu ahal izateko dagoen bihurgunean 16:25 aldera. Gidariak Beasain eta Lazkao arteko zerbitzua amaitu zuen, eta beste zerbitzu batera zihoan bitartean gertatu zen. Beste hedabide baten elkarrizketan gidariak zehaztu duenez bihurgunea hartzerako garaian bere errailetik atera eta bestera sartu behar izan zuen, «normala da hori, bihurgune itxia da-eta autobusentzat». Kontrako norabidean auto bat zetorren, abiadura oso handian kale horretarako gidariaren ustez. Besoa jaso zion une horretan autoko gidariak, eta aurrerago, geratzea erabaki zuen. Autoa ere geratu egin zen eta autobuseko gidariak bere azalaren kolore beltzara eta jatorria susmatuz irainka hasi zitzaiola salatu zuen.
Bigarren auto bat ere gerturatu zela azpimarratu zuen testigantzan autobuseko gidariak, iraindu zutenen sendiakoak zirela azpimarratu zuen. «Abiada bizian gerturatu ziren autobusaren ateetako batera, eta autobusari kolpeak ematen hasi ziren». Lurraldekobuseko gidariak atea zabaltzea erabaki zuen une horretan bertan eta bertatik irtetea erabaki zuen autobusa nola puskatzen ari zirela frogatzeko argazki batzuk ateratzera.
Autoetako bi gizonezkok gidariaren kontra fisikoki ekin zuten argazkiak ateratzen ari zela ikusi zutenean, «lepotik heldu eta batak besteari telefonoa hausteko esan zion» azpimarratu zuen testigantzan. Poltsikoan sartzea erabaki zuen une horretan bertan, kendu ez ziezaioten, baina eraso egin zioten jo, kolpeak eman eta lurrera botaz.
Inguruan kende gehiago bazebilen ere, ez zen inor gerturatu autobuseko gidariari laguntzera. Errepideko zirkulazioa etenda egon zen eta auto-ilara horretan zegoen autoetako batetik emakume bat irten zen, egoera baretu asmoz. Lurraldebuseko gidariak azpimarratutakoaren arabera «modu txarrean eta bultzaka sarrarazi zuten berriro autora», eta une hori aprobetxatu zuen berak berriro autobusean sartu eta atea blokeatu ondoren Ertzaintzari deitu ahal izateko. Ertzainak iritsi zirenerako ordea bi autoe ihes egin zuten. Autobuseko gidariak salaketa jarri ordu, eta ikertzen jarraitzen du oraindik Ertzaintzak.
Harrezkerotik bajan dago gidaria jasandako erasoengatik, egunean bertan ospitalean artatu eta lesioen partea egin bai zioten. Bere testigantzan aipatzen zuen, «legea existitzen baldin bada, bere lana egin beharko du. Horrelako gertakariak salatu egin behar dira. Nik ez dut honekin ezer lortu nahi, kendu didaten duintasuna berreskuratu besterik ez dut nahi».
Enpresaren jarrera
Bilman Bus konpainiaren jarrera deitoratu nahi izan du gidariak, Goierriko eskualdeko Lurraldebusen kontzesioa du 2019ko abendutik. Enpresarekiko salaketarik aurkeztu ez baldin badu ere, babesik ez duela jaso azpimarratu du, «eskuak garbitu dituzte». Idatzi bat bidali zien gidariak bere egoeraren berri emanaz, baina astelehenera arte erantzunik jaso ez zuela azpimarratzen du, egun horretan deitu bai zioten, «lanera joan behar nuen edo ez galdetzeko».