Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Herri Ekimen Legegilea (HEL) abiarazi du, EAEn gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS-SMI) parean ezartzeko helburuarekin. Horretarako, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote dagozkion baliabideak erabil ditzala neurri hori martxan jartzeko. Ekimen honek 10.000 sinadura bildu behar ditu eztabaidara eramateko, eta horretarako 80 herri baino gehiagotan sinadura-bilketa abiatu dute, tartean Goierrin.
Pentsioen egoera Gipuzkoan
EHPMk nabarmendu duenez, Gipuzkoako herrien artean Legazpik du bataz besteko pentsiorik altuena udalerri handien artean, 1.707 eurorekin. Ondoren Beasain eta Lazkao datoz, eta Ataungo kasuan, 472 pentsiodun daude eta haien bataz besteko pentsioa 1.521,12 eurokoa da. Hortaz, herrian hilean guztira 717.967,45 euro bideratzen dira pentsioetarako.
Pentsiodunen mugimenduaren arabera, zenbaki horiek erakusten dute oraindik badagoela behar bat pentsioen sistema indartzeko eta gutxieneko pentsioa LGS-SMIrekin parekatzeko, bizi-baldintzak bermatzeko neurri gisa.
Sinadurak biltzeko egunak Ataunen
Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek aukera izango dute Ataunen hiru egunetan sinadura emateko:
- Otsailak 15, larunbata – Konsejupen, 11:00etatik 14:00etara.
- Otsailak 22, larunbata – San Gregorio auzoko frontoian, 11:00etatik 14:00etara.
- Martxoak 1, larunbata – Erroipe Elkartean, 11:00etatik 14:00etara.
Sinadura eman ahal izateko, EAEn erroldatuta egon eta 18 urtetik gorakoa izatea beharrezkoa da.
EHPMren ustez, beharrezkoa da pentsio duinak bermatuko dituen sistemaren aldeko aldarria zabaltzea. Horregatik, herritarrak mobilizatzera eta sinadurak ematera gonbidatu dituzte, ekimenak behar adina babes jaso dezan.