BDZ Euskal Herria ekimenak CAF enpresak Palestinako lurraldean bost urtez eraikitzen daraman tranbia «nazioarteko legezkotasunaren eta euskal iritzi publikoaren aurkakoa» dela salatu du. Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote CAFen jabetzakoa den Orbital enpresarekin lankidetza bertan behera uzteko.
«Nafarroako Gobernuak nazioarteko legedia bete eta Palestinako okupazioan eta apartheid-ean inplikatutako enpresekin lankidetzan aritzeari utzi behar dio», adierazi dute BDZko kideek. Horrek, gainera, Nafarroako gizartearen «agindua betetzeko aukera» emango lukeela nabarmendu dute, «Israelek herri palestinarraren aurka egindako genozidioa amaitzeko eskatzen baitu».
Hagako Nazioarteko Auzitegiak emandako ebazpena ere aipatu dute, non «argi uzten den ez dagoela argudio ekonomiko edo sozialik diru publikoaren erabilera justifikatzeko, legez kanpoko okupazioarekin kolaboratzen ari den eta bertatik etekina ateratzen ari den enpresa bat diruz laguntzeko».
BDZ Euskal Herriak espero du Nafarroako Gobernuak «lehenbailehen eta indarrean dagoen nazioarteko legeriari jarraituz» jardungo duela.