Hilabeteko azken asteburuetan izango dugu aurrerantzean gurean literatura tartea, modu horretara urtarrilean ekin genion txanpa berrian Joxe Begiristain ataundarra eta literatur zalea batu zen ‘Nahikoa da’ saioko familiara. Hilabetero-hilabetero literatura kontuen hitz egin ahal izateko tartea hartzen dugu berarekin eta oraingo honetan ere ez digu inolako hutsik egin.
Herta Müller idazle alemaniarraren lan bat ezagutarazi nahi izan digu. ‘Hatsaren kulunka’ izeneko liburu honek errealitateko gertakizun baten berri ematen digu eta Begiristainek euskaraz irakurtzeko aukera izan du itzulpenari esker, baita ‘Ataungo Otso Irakurleak’ taldeko kide direnek ere eta modu horretara, hau izan da hilabete honetan ekarri nahi izan digun proposamena.
Liburuaren laburpena: II. Mundu Gerraren amaiera aldera, gutxiengo alemaneko errumaniarrak Sobiet Batasunera deportatu zituzten, Hitlerri emandako laguntzaren zigor gisa, eta han eduki zituzten, lan behartuetan, bost urtez. Haien artean zegoen idazlearen ama ere, baina etxean ez zuen inoiz kontu hari buruzko hitzik entzun.
Oskar Pastior poeta ere trantze beretik igaroa zela jakindakoan, harekiko hartu-emanean jarri eta liburu hau lantzen hasi ziren. Handik gutxira hil zen Pastior, eta bakarka segitu zuen Müllerrek proiektuarekin. Hamazazpi urteko mutil bat, lan-esparrura bidean. Ez du penarik bere herri ziztrina atzean uzteaz, baina aurrean topatuko duena gizatasunaren mugetan dago: lan akigarria, gose eramanezina, hotza, basakeria, umiliazio etengabea Hori guztia, baina, ez zaigu salatzeko modu enfatikoan kontatzen, gauzak deskribatzen direneko distantziarekin baizik.
Pertsonak eta are sentimenduak ere objektu bihurtzen ditu protagonistaren sentiberatasunak, eta hizkera aldi berean gogor eta irudimentsu, krudel eta liriko batean azaltzen dizkigu bere eta inguruko guztien bizikizunak.