Joan zen ostegunean, otsailak 29, Ataungo Batzokian izan zen Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak hitzaldi bat eskaintzen. Hitzaldiaren lehen zatian Gipuzkoari begirakoa izan zen, zaintza sistema publiko, feminista eta komunitarioa aztertu zuelarik. Etorkizunera begira jartzeko tartea ere hartu zuen Peñak, aurrera begira pertsonalizazioan oinarritutako proiektuak zeintzuk izango diren azaldu bai zuen.
Ataunen, eguneko zentro bat eraikitzearen aukera ezberdinez aritu zen hitzaldiaren bigarren zatian foru diputatua. Bertaratu ziren herritarrek beraien kezkak eta beharrak aipatu zizkioten, eta hitzaldiaren amaieran, Kontxi Sukia, Ataungo EAJren taldeburuak, Ataungo herriak dituen erronkez hitz egiteko aukera izan zuen Peñarekin.
Sukiaren esanetan, «adineko herritarren ongizatea bermatzeko behar-beharrezkoa da gizarte politika sendoak martxan jartzea udaletatik». Ataungo EAJk zabaldutako ohar baten arabera, alderdiak, adineko pertsonengan duten konpromisoa berretsi nahi du eta beraien ongizatea hobetu ahal izateko lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.